GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Irudimena eta gogoak bultzatuta, txupina prest dute Soraluzen

Soraluzeko jaiak hastear daude. Irudimenak eta jaiak zuzenean bizitzeko gogoa uztartuta, murrizketak gainditu dituzten hainbat proposamen daude, gehienak herriak herritarrentzat eginak. Santa Ana eta Santiago dituzte egun handiak eta antolatzaileek mezu bat zabaldu dute, ikusle pasiboa izateari uzteko eta jaietan parte-hartze zuzena izateko.

p052_f02_194x104.jpg

N. GOTI |

Sortu ez eta pairatu behar dugun krisialdiari gehi jasan behar ditugun murrizketei aurre egiteko, jaiak premiazko botika bilakatu dira, poztasun iturri. Horregatik, Soraluzen diru falta irudimenarekin ordezkatu dute. Santa Ana gertu dute eta herria dantzan jarri nahi du Jai Batzordeak, Lorea de Castro zinegotziak azaldu duenaren arabera.

Azken urteetan parte-hartzean irabazi dute jaiek, baina horretan eragiteko beharra ikusten dute oraindik. Jai Batzordea bera horren adibide da. Izan ere, herritar guztiek dute horretan esku hartzeko aukera, zinegotziekin eta teknikariekin batera, eta eragile guztien artean osatzen dute egitaraua.

Hala, gaur bertan abiatuko den egitarauak tradiziozko ekitaldiak biltzen ditu (danborrada, mus eta tute, bakailao txapelketak...) baita iaz martxan jarri eta oso harrera ona izan zuten hitzorduak ere, Soraluzen elkarrekin bizi diren kultura ezberdinetako jakiak dastatzeko aukera, kasu, eta «Mugittu GHerrixa» hitz jokoekin antolatu duten jaialdia, besteak beste.

«Iaz kultur anitzetako jaialdia jarri genuen martxan, etorkinek antolatuta, eta jakien dastaketarekin batera dantza erakustaldia ere izan zen. Aurten, jakien dastaketa egongo da, eta Sahara, Pakistan, Kuba eta Errepublika Dominikarra gonbidatu ditugu», azaldu du De Castrok. «Hogei nazionalitate baino gehiago biltzen diren herri batean, kanpotik datozen kultura horiek zabaldu eta elkar hobeto ezagutzeko eta gerturatzeko aukera ematen dugula uste dugu», gaineratu duenez.

Gisa berean herritarrek eurek antolatzen duten beste ekitaldi batzuen artean, huts egin ezin duen bakailao txapelketa edota Kalebarrenean egin ohi duten herri bazkaria ere aipatzen du jaietako zinegotzi arduradunak, azken horrek 200 lagun bildu baitzituen iaz.

Idazleak, pregoilari

Jaiak gaur arratsaldean abiatuko dira, 19.30ean jaurti behar duten txupinak aginduta, baina aurretik motorrak berotzeko aukera izango dute soraluzetarrek, batez ere herriko gazteek. Zubi Nagusian ohiko bazkarira daude deituta 15.00etan. Jolasek eta triki-bertso poteoak ere lagunduko dute giroa berotzen, Marrasekin Osintxura egin beharreko bidea hasi aurretik.

Udaletxeko balkoitik jaurtiko dute suziria, eta bertatik pregoilarien mezua ere zabalduko da. Aurten sarituak izan diren herriko bi idazle; Jokin Oregi eta Teresa Sousa aukeratu ditu Jai Batzordeak jaietako pregoia egiteko. «Biek sari ezberdinak jaso dituzte, eta orain soraluzetarren errekonozimendua eskaini nahi diegu euren herrian bertan», adierazi du De Castrok.

Galtzagorri txarangak kale animazioa eskainiko du ondoren, eta Plaza Zaharrean sagardo dastaketa egingo dute, baloia hartu eta «punteria txapelketari» hasiera eman aurretik.

Tradizio handia duen danborrada ere gertu dago, 23.00etan abiatuko da; eta 01.00etatik aurrera, bi aukera dituzte jai zaleek, Djon DJaren saioa Plaza Zaharrean, eta Joxparen erromeria, Zubi Nagusian.

Batek baino gehiagok, gauean atsedenik gabe ibili eta gero, 07.00etan Arrasateko Gaiteroen kalejira zuzenean ikusi ahal izango dute bihar, baita txokolatea hartu ere, Kontzejupean.

Biharkoa egun handia da Soraluzen, eta sukaldaritzarekin hitzordu ugari dago. Goizean, Ibai Eder elkarteak salda eta txorizoa eskainiko ditu, bakailao txapelketa ere antolatu dute (11.30etik aurrera), eta olibak ere jan beharko, hezurren jaurtiketan neurtzeko aukera izateko.

Buruhandiak eta antzerkia

Buruhandiak eta txistulariak, zezenak Arrasateko Gaiteroek alaiturik, larrain dantza, pilota partidak eta «Exodo» kale antzerkiaren emanaldia dira egun handiak ekarriko dituen proposamenetako batzuk.

Santa Ana eguneko gauak Karibeko doinuak eta giroa ekarriko ditu Euskal Herrira. Plaza Zaharrean, Trovahavana talde kubatarraren emanaldia izango da 23.00etan, eta mojito jaia eta karaokea, jarraian.

Horrenbeste jai proposamenen artean, antolatzaileek parte hartzera dei egin diete herritarrei: «Utz diezaiogun ikusle pasibo izateari eta herri giroan gozatu, askoz ere aberasgarriagoa da eta».

GAZTE BAZKARIA

Gazteek Zubi Nagusian dute gaurko hitzordua, 15.00etan, eta bazkarian motorrak berotzeko aukera izango dute, baita jolasetan eta bertso triki-poteoan ere, txupinazora jai giroan heltzeko.

GORA NAFARROA

«Gora Nafarroa» deitu diote herriko kantariek aurten prestatu duten musika-ikuskizunari, eta aurreratutakoaren arabera, Nafarroarekin zerikusia duten doinuak izango dira nagusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo