Udate
Entzuleetan gora egin du Jazzaldiak
Jazzaldiak publikoa irabazi du. Aurtengoa, 47. edizioa, euskal musikarien eta hauek nazioarteko jazz artistekin egindako elkarlanarena izan da, San Telmoko esperimentazioak egonkortu direnekoa, Basque Culinary Center deskubritu denekoa eta, Zurriolako oholtzan eguzkiak distira egin duenekoa. Balorazio ezin baikorragoa eginda, pozik dira antolatzaileak.
Anartz BILBAO
Donostiako Jazzaldiko arduradunek 47. edizioko balorazioa egin zuten atzo prentsaren aurrean. Donostiako alkate Juan Karlos Eizagirre, Nerea Txapartegi Kultura zinegotzia eta jaialdiko arduradun nagusia den Miguel Martin gustura agertu ziren, Jazzaldia arrakastatsutzat emanda. Aurten publikoak gora egin du, %6 lehengo urtearekin alderatuta, eta 122.000 entzule izan dituzte guztira programatu diren ehundik gora ekitaldiek -horietatik 70 inguru, doakoak-. Aparte, sare sozialetan presentzia ikaragarria izan du Jazzaldiak, artistek beraiek egindako aipamen eta eskegitako argazkiek zein zaleen iritziek Facebook eta Twitterren, esaterako, erakutsi duten bezala.
«Ezin hobea» izendatu zuen Eizagirrek Jazzaldia, «entzuleak gora, bai doako bai ordainpeko guneetan, eta maila artistikoari dagokionez... egunotako prentsa irakurri besterik ez dago. Iaz balorazio ona egin genuen, eta aurten, eguraldia lagun, borobila izan da», gaineratu zuen. Alkatearen hitzetan, «jaialdia urtetik urtera errotuago dago hirian. Donostia ezin da ulertu Jazzaldirik gabe, eta Jazzaldia ez litzateke berdina izango Donostia gabe». Udalaren ustez, handia da jaialdiak hiriari egiten dion ekarpena, «kulturalki zein ekonomikoki, baita kanpoan ezagunagoa izan dadin ere».
Bere aldetik, Txapartegik Victoria Eugeniaren mendeurrena ospatzeko burutu zen Gaujazza azpimarratu zuen «apartekotzat» izendatuta -sarrera guztiak saldu izanak agertzen ei du izan zuen arrakasta-, baita San Telmo Museoko esperimentazio gunea ere. «Iaz ireki zitzaion gunea Jazzaldiari eta aurten sendotu egin da proposamena» -Donostia 2016-ren eskutik-. Horiez gain, eta bukatzeko, bertako taldeek aurtengo egitarauan izandako tokia nabarmendu zuen. «Presentzia berezia izan da; plataforma osatu eta aurrerantzean ere bide beretik jo nahi genuke».
Udaleko arduradunen ondotik, jaialdiaren buru den Miguel Martinek hartu zuen hitza, aurtengo jaialdiak gorputzaldi bikaina utzi diola onartzeko. «Artistikoki talde guztiek eman dute, gutxienez, aurreikusten genuen maila. Gainera, horrelako jaialditzarretan ohikoegiak ez diren esperimentazio saioak programatu ditugu, eta entzuleek bikain erantzun dute». Adibide gisa, diva handien antzera agertu zen Melody Gardot, Trinitateko oholtza ireki zuena, eta Neneh Cherry & The Thing-en free jazza aipatu zituen -honek itxi zuen Trinitateko egitaraua-, publikoak eskertu zituen zuzenekoak biak ere.
Trinitate plaza aipatu dugula-eta, bertako zuzenekoak TVE-k grabatu ohi zituen Donostian, gero telebistan emateko. Aurten ez da horrela izan, eta Martinek azaldu zuen zergatia. «Orain arte grabatzeko eta emititzeko konpromisoa genuen, eta orain emititzekoa. Beraz, Trinitateko kontzertu guztiak, gehi Sharon Jonesek hondartzan emanikoa, espainiar telebistan ikusiko dira -gero baita ETB-n ere-, baina guk geuk grabatu ditugu. Eta horri ere positiboa deritzogu, horrela geuk kontrolatu ditugulako, bertako enpresa batez grabatu eta plazan deseroso ziren medio batzuk ekidin ditugu-eta (kameraren garabiak eta beste)».
Arrakastatsuenen artean ezin ahaztu Orkestra Gizonen Orkestra, Tom Waitsen kantuak ardatz eta hauek antzeztuta eman zituen ikuskizun freskagarriak hirugarrenez antzeztua izateko aukera irabazi baitzuen. Eta Antony & Et Incarnatus, Kursaalen sarrerak atera bezain agudo agortzea erdietsi zuen emanaldiak «sortutako jakin-mina ase» zuen-eta. Ehundik gora ikuskizun guztira, «puntu-puntuan, errespetu osoz eta inolako arazorik gabe aurrera atera direnak».
San Telmoko elkarlanak
Alde Zaharreko plazaz gain, guneei dagokienez, «San Telmo indartu eta Basque Culinary Center deskubritu dugu -dio Martinek-. Lehenengoak oihartzun berezia lortzen du eta esperimentazio garaikiderako areto izango da aurrerantzean ere. Bigarrena, berriz, ezin aproposagoa da, ingurua dela bide». Eta Victoria Eugeniako mendeurrenaz zer esan? «Saltsa izugarrian sartu ginen -antolakuntza aldetik sekulako esfortzua eskatzen omen zuen, teknikariak eta beste...- baina ondo atera zen».
San Telmoko elizak proposamen ausartak eta inoiz ulergaitzak jaso ditu, eta mukuru bete da gauero. «Pozik gara oso. Sarrerak saldu ahala aulki gehiago jarri ditugu, eta atzeraino heldu. Ehun eta berrogeita hamar bat lagun espero eta seiehun bat izan dira entzule. Aurreikuspenen %280 gehitu dugu sarreren salmenta. Eta esperimentalak izan direlako ika-mika edo eztabaidak sortu izana, ba primeran... horretarako dira», onartu zuen jaialdiko zuzendariak. Bertako elizan, hiru gauerdiz, euskal musikariak nazioarteko izen sonatu eta inoiz abangoardistekin elkarlanak burutu dituzte. «Izugarri pozik gara euskal musikariak gure oholtzetan izateaz, eta erantzuna itzela izan da», adierazi zuen Miguel Martinek. Elkarlan zehatzei helduta, «Hakon Kornstad oso pozik atera zen Oreka TX-rekin egindako lanaz, eta azken hauek ere oso gustura dira. Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio-ren kasuan, elkar ezagutzen zuten aurretik ere, eta erronka San Telmoko elizaren oihartzunera egokitzea zuten».
Jada hurrengo urterako jaialdia buruan, Martinek ez zuen data zehatzik eman nahi izan, baina aurtengo gertakariei zeharka begiratuz -Gasteizko eta Donostiako jazzaldiek hiru eguneko egitaraua zapaldu diote elkarri-, «ados jartzen saiatuko gara; beste jaialdiekin bat, guztion artean osotasun bat emate aldera». Eta kezka ere agertu zuen -nahiz eta Heinekenekin duten hitzarmena orain gutxi luzatu-, kulturaren mundua koxka bat estutzen ari da-eta, baita zuzeneko musikaren alorrean ere. «Tontoak ginateke kezkatuko ez bagina. Kinka larrian dago kultur mundua, egun oso zaila bihurtzen ari da kostuak eta inbertsio ahalmenak orekatzea, eta seguruenera hurrengo hilabeteetan gaiztotu egingo da kontua. Aurrerantzean gauzak ez dira izango lehen bezala».