GARA > Idatzia > Kultura

Udate

Abian dira Berangon Santo Domingo jai herrikoiak

Santa Ana jaiei lekukoa hartuta, atzo hasi eta igandean bukatuko dira Berangoko Santo Domingo jaiak. Aurten, iaz sortutako Kukullaga jai elkarteak antolatu du oso-osorik jai egitaraua. Kirol saioak, kontzertu zein erromeriak, eskulan azokak nahiz umeentzako ekimenak iragarri dituzte; hartara, adin guztietako herritarrek izango dute zer ikusi eta zer egin.

p060_f02.jpg

Jon ADAN | BERANGO

Berangon, bukatu berri diren Santa Ana jaiei lekukoa hartuta hasi ziren atzo Santo Domingo jaiak. Hain zuzen ere, Kukullaga jai elkarteak botatako txupinazoak eman zien hasiera aurtengo festei. Atzokoan, tortilla txapelketaz gain, multiabentura parkea antolatua zuten, eta tirolinan edota eskaladan aritzeko aukera izan zuten bertaratuek.

Gaurko egitarauan, goizez eta arratsaldez izango den artisau azoka nabarmendu du Alazne Fernandez Kukullaga jai elkarteko kideak. «Elizaren aurreko parkean antolatuko da azoka. Hartara, inguruko herrietako zortzi artisauk euren produktuak erakusteaz gain, tailerrak jarriko dituzte jendeari irakasteko». Arratsaldean, berriz, 16.00- etan, futbito txapelketa herrikoia jokatuko dute.

Horiez gain, Fernandezek esandakoaren arabera, gaurko ekitaldi nagusia elizaldean, 21.30ean, egingo duten mozorro lehiaketa da. «Iaz hasitako ekimena da, jende orori zabalduta dago, eta bi kategoria daude, indibiduala eta taldeka. Desfilea egin eta gero, sariak banatuko ditugu». Bestalde, gauean, Rusted, Berangoko taldeak joko du 23.30ean.

Bihar da Santo Domingo eguna, eta jaien egun handirako hamaika ekitaldi antolatu dituzte. Horien artean, Alazne Fernandezek nabarmendu ditu eguerdian, 12.00etan, jokatuko diren pala txapelketako finalak. «Aurten aurrenekoz antolatu dugu pala txapelketa eta arrakasta itzela izan du; bikote ugarik eman dute izena, bai herrikoak eta bai ingurukoak».

Partiden ostean, 13.30ean, Berangoko Sabino Arana kale nagusian, poteoa eta kale animazioa izango dira nagusi. Gero, 19.00etan, idi probak eta zaldi erakusketak egingo dituzte, horiek ere Sabino Arana kalean. Ordu erdi beranduago, sagardo festa ospatuko dute, trikitilari eta bertsolariekin. Santo Domingo eguna bukatzeko, Sobiet eta The Karabans bertoko taldeak eta Kop talde kataluniarra izango dira Berangon.

Aurten, leku aldaketa

Berritasun moduan, zera dio Fernandezek: «Herriko komertzioa bultzatzeko, Santo Domingo egunean soilik, aurreko urteetan elizaldean egiten ziren hainbat ekimen Sabino Arana kalera jaitsiko dira».

Bukatzeko, Alaznek mezua bidali nahi izan zien Berangora joatekotan diren guztiei. «Berangora etor daitezela eta jaiaz goza dezatela. Uste dugu, Kukullaga jai elkartetik programa erakargarria egin dugula».

BARRAKAK, TXOSNAK

Alazne Fernandezek dioenez, barrakak Berangoko Lantzarteko zelaietan egongo dira. Bestalde, bi txosna izango dira, eta Udaletxe aurreko plazan jarriko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo