GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

«Larru-larrutik» ordaintzea zer den

Erranen dut gizartean bi genero nagusitzen direla: «Nor» direnak eta «Normalak» direnak. Eta, noski, hori artikuluak diren idazlearen ispiluan argi eta garbi islatzen da

Barru-barrutik idazteari buruzko Jo Puntua irakurri nion atzo Arantza Santestebani. Nire buruarekin gertatzen zaidan bezalatsu, erdi ados, erdi nipadios. Gustatu zitzaidan seinale.

Iritzi artikuluak irakurtzen ditugunean, bi joera-jarrera aurkitzen ditugu: idazten duenaren iritzia ematera bideratutakoak eta irakurlearengan iritzi zehatz bat sortzeko idatzitakoak. Azken atal honetan gutxi dira soldata politikoa jasotzen ez dutenak; beraz, zutabe hauek zertarako egiten diren argi dago, eragiketan ez da zergatirik sartzen. Norberaren iritzia jendaurreratzen dutenak direla besteak esan dut, bi ataletan aleatorioki dabiltzanak ugari direla dakidan arren. Horrek ez du, ordea, eraginik analisi honetan; beraz, jarrai dezadan. Iritzi emaile direnen multzo honi dagokionez, lehenik eta behin, detailetxo bat, zalantza txiki bat: idazleak ez badu bere ego erraldoiarekin lotura zuzena duen arazo psikologiko bat, zergatik egiten du? Bada, baliteke, miloika eta miloika pertsonaren artean bat eta bakarra garenez, ezin esklusiboagoa sentitzen delako bere-berea uste duen hausnarketa plazaratuz edo, agian, ingurukoen eta ezezagunen onespenak arnasa ematen diolako, sorbalda zuzendu eta irribarrea zabaldu.

Baina demagun iritzia ematera mugatzen dela dena. Demagun plazer hutsez idatzi eta irakurtzen direla iritzi zutabeak.

Arantzak atzo kontatzen zigun nola barru-barrutik idazteagatik zoriondu zuten. Eta zoriontzeko modukoa da, bai, barrutik idazteko dagoen baldintza bakarra betetzeagatik bederen. Alegia, barrua baduela. Tripa, gibel, sexu eta burmuin, bera dela, badela Nor.

Pertsonongan badira, nik uste, generoa baino dexente bereiztaileagoak eta hurbiltzaileagoak diren faktoreak. Erran nahi dut, konparaziorako, torturatutako bi pertsonak komunean gehiago dutela edozein bi gizonezkok baino edo bi emakume ez direla bi kokainomano baino berdinago. Eta erranen dut gizartean bi genero nagusitzen direla: «Nor» direnak eta «Normalak» direnak. Eta, noski, hori artikuluak diren idazlearen ispiluan argi eta garbi islatzen da. Hasi idazkeratik eta edonondik segi, bizitzari zer eskaini eta zer eskatzen dion ikustea ez da zaila. Gehiengo «Normala» den ur korronteak beti eramango gaitu gehiengoa iristen den itsasoetara, bakardadearen eta ulertua ez izateko arriskurik gabeko bidaia aski txalotuan. Eta horretarako ez da barrura begiratu beharrik, ez da norberaren tripa, sexu, gibel eta burmuinaren ezagutzarik behar. Are gehiago, hobe da kritikotasuna garatzeko, ideia propioak izateko gaitasunik ez edukitzea. Bestela, gehiengoaren korrontetik at ibiltzeak prezio bat du eta, zer esanik ez, korrontearen kontra egin nahi izateak. Barru-barrutik idaztea, eta Euskal Herrian gehienbat, larru-larrutik ordaintzen den luxuzko bekatua da, alferra izatearekin batera euskaldun batek egin dezakeen deliturik larriena.

Ez dakit honek maskulinitatearen eredu normatiboak ezarri duen mundu ikuspegiarekin zerikusirik duen, baina larru-larrutik ordaintzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo