GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zabor politikan eskuduntzarik ez duela esan die prefetak Mendixka hondakindegiaren aurkakoei

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Zuberoako Sarrikotapeko hondakindegi berriaren proiektua (Mendixka) hizpide izan zuten atzo Paueko prefekturan.

Lionel Beffre Pirinio Atlantikoetako prefetak, Jean-Michel Delvert Oloroeko suprefet eta Lurralde antolaketarako zerbitzuburu Gabrielle Claverierekin batera, Sarrikotapeko auzapez Laurent Etcheberry, auzapezorde Patrick Hourcade eta Terre Verte elkarteko arduradun Jean-Bernard Serbielle hartu zituen goizean, azken asteetan gai horri buruz izandako gorabeherez hitz egiteko.

Serbiellek adierazitakoaren arabera, bilkuraren hasieran tentsio uneak izan ziren, bezperan jendarmeekin izandako istiluen harira Sarrikotapeko auzapezak beren agindupean daude- nen jokaera prefetari aurpegiratu zionean.

Hondakindegiaren gaiari helduta, proiektuaren kontra daudenek beren argudioak azaldu zizkieten Estatuko ordezkariei. Besteren artean, Mendixka egitasmoaren sustatzaileari -Bil ta Garbi sindikatua- eman zaion eraikuntza-baimena ez dela legezkoa uste dute eta, hori dela eta, Auzitegi Administratiboan salaketa jarri dutela gogorarazi zieten. Ebazpena abuztuaren 9an jakingo denez, aldez aurretik lanak hasten uztea ez duten bidezkotzat jotzen Zuberoako herri kideek.

2004ko deszentralizazioaren legea indarrean dagoenetik, zabor politika lekuko erakundeen esku dagoela, eta, horrenbestez, Prefekturak gai horretan eskuduntzarik ez duela erantzun zien Lionel Beffrek.

Sistema txarra

Serbiellek gaineratu zuen abian jarri nahi duten sistema «ezin txarragoa» dela, are gehiago, «Europan laster debekatua izango delako».

Izan ere, Bil ta Garbik urtero 16.000-20.000 tona hondakin tratatu nahi ditu Mendixkan. Zati bat konposta egiteko berreskuratu nahi dute, zabor organikoaren banaketa mekanikoa egin ostean. Terre Verteko kideak dioenez, Europako irizpidea indarrean jartzen delarik «konpost hori ez da erabilgarria izanen eta lurperatu egin beharko da». Beraz, Bil eta Garbik duela ia zortzi urte hautatutako metodoa berrikusi beharko lukeela uste du.

Bitartean, herritarren hesia apurtuta herenegun Mendixkan hasitako lanek aurrera jarraitzen dute jendarmeen zaintzapean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo