GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bil ta Garbik Hazparneko zabortegiaren martxa egokia behatuko du

A.M. | BAIONA

Hazketa 2010 elkarteko ordezkaritzarekin atzo izandako bilkuran, Bil ta Garbik (Ipar Euskal Herrian etxeko hondakinak kudeatzen dituen erakunde publikoa) Hazparneko Hazketa hondakindegiaren funtzionamendu egokia bermatzeko asmoa agertu zuen. Hala adierazi zion GARAri Peio Durruty elkarteko kideak.

Dena dela, nahiko fidagaitz agertu zen agintza horiekiko. Izan ere, Hazketan azken urteetan izandako arazo larriak (inguruko uren kutsadura eta lau sute izan dira urtebeteko epean) behin eta berriko errepikatzeak eta «hautetsiek dagokien erantzukizuna behar bezala hartu ez izanak» ez die sinesgarritasun handirik ematen.

Bil ta Garbik ez du zuzenean kudeatzen Hazketa. CEPB enpresa azpikontratatu zuen hondakindegiaren kudeaketaz arduratzeko, baina, finean, «funtzionamendu zuzena bermatzea» haren erantzukizuna dela dio Durrutyk: «Enpresa handien esku uzteak ez du bere ardura kentzen eta hala esan diegu aurrez aurrekoan. Gauzak hobeto kontrolatzeko exijitu diogu».

«Ikusi eta sinetsi»

Elkarteko kideak eta Hazparneko bizilagun ugari haserre bizian dira Hazketako gorabeherekin. Are, itxiera 2014rako aurreikusia bada ere, «aspaldian gainezka» dagoela dio Durrutyk: «Hasieran esan baino zabor askoz gehiago sartu dute urte hauetan. Egun batean bakarrik 330 tona kontatu genituen. Ezin dugu luzaroago jasan egoera hau. Gauzak ongi egin nahi dituztela esan digute, baina guk ikusi eta sinetsi egingo dugu. Erne egongo gara agindutakoa betetzen duten».

Hala ez balitz, salaketa lana areagotzeko prestutasun osoa dutela ziurtatu zuen: «Gauzak nola doazen ikusteko hilero Bil ta Garbiren ordezkariekin bilkura bat egitea deliberatu dugu gaurko [atzoko] bileran. Arazoak behingoz konpontzen ez badira, bai Hazketa 2010k bai auzokideok gure salaketa ekimenak emendatuko ditugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo