GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Sega

Ormaetxea eta Alkorta irailaren 23an neurtuko dira apustu mistoan

J.L.

Jexuxmari Ormaetxea eta Mikel Alkorta ados jarri dira eta irailaren 23an neurtuko dira segan eta korrika. Segalarien Euskal Herriko txapelduna eta txapeldunordea dira, eta ikusmin handia piztuko duen desafioa lotu dute bi kirolariek.

Hasteko, 5 kilometro egin beharko dituzte korrika, eta jarraian ordu eta erdi bete bitarte segan egin beharko dute. Belar kilorik gehien ebakitzen duenak lortuko du garaipena. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu. Orain lekua bilatzen izango dute lana.

Sokatiran, berriz, ez da ezusterik izan. Goiherrik irabazi du 580 kiloko txapela. Horrekin, jokatu diren lau pisuetako lehiaketak bereganatu ditu. Azkeneko jardunaldia ere Erandioko taldeak irabazi zuen. Atzetik, Gaztedi, Goiherri B, Gaztedi mistoa eta Getxo sailkatu ziren. Orain taldeek atsedentxo bat hartu eta irailean Suitzako Appenzell herrian jokatuko den Europako Txapelketa prestatu beharko dute.