GARA > Idatzia > Euskal Herria

Estatu mailako «biltzar eraikitzailea» bultzatu dute M-15ekoek Iruñean

p014_f01.jpg

GARA |

Iaz sortu zen M-15 mugimenduak Estatu mailan «biltzar eraikitzailea» ekimena bultzatu nahi du, herritarrek boterea eskura dezaten. Horretarako bilera egin zuten atzo Iruñeko Gaztelu plazan Nafarroako «suminduek».

Estatu mailako irakurketa nabarmentzen da ideia honetan; esaterako, joan den urteko azaroan Mariano Rajoyk irabazitako hauteskundeei erreparatzen diete bereziki; «gehiengo osoa duen alderdi batek inoiz ez duela hainbesteko eszeptizismoa eragin», aipatzen dute.

«Ez gaituzte ordezkatzen eta ez gaituzte inoiz ordezkatuko», ondorioztatzen dute M-15eko kideek. Euren hitzetan, espainiar Gobernuaren eta herritarren artean dagoen aldea inoiz baino handiagoa da. «Gaur egun, Konstituzioa, monarkia, alderdi-bitasunak fosilizatutako Kongresutik ateratako gobernua... erakunde zonbiak dira, legitimitate izpirik gabe, inolako etorkizunik gabe. Herritarrak botere eraikitzaile bilakatzeko deituta daude eta beren agortzea ekarriko du», gaineratzen dute.

Ondorioz, egungo PPko Gobernuaren dimisioa exijitzen dute, bai eta hauteskunde berriak dei ditzala eskatu ere, «benetan demokratikoa izango den biltzar eraikitzaile bati bide emateko asmoz».

«Iraultza demokratikoa abiatu behar dugu, gillotina berri bat erabiliz. Ez buruak mozteko, iraganarekin apurtzeko baizik», adierazten dute. Hor kokatzen dituzte, esaterako, «trantsizio» delakoa, «deudokrazia» deitzen dutena, murrizketak, ustelkeria, inpunitatea, gezurra...

Ekintzak parte hartzaileak eta bortizkeriarik gabeak izango direla berresten du M-15ek.

Nafarroari dagokionez, hainbat gai dituzte agendan. Esaterako, Caja Navarraren aferari erreparatu diote eta horri buruzko kanpaina egin nahi dute. Etxeen desjabetzeen arloa ere M-15en lehentasunen artean da, bai eta pentsioen egoera ere. Iruñeko kideek ``Berrabiatu'' izeneko plangintza aurkeztu dute. Abuztuaren 18an piknika egingo dute Beltzuntze herrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo