GARA > Idatzia > Mundua

AEBetako homofobo baten janari lasterreko jatetxean musuak emateko deialdia

p020_f01.jpg

GARA |

Chick-fil-A izeneko janari lasterreko jatetxe katearen aurrean musuka adierazten dute AEBetako homosexualek establezimendu horien jabeen jarrera homofoboaren aurkako protesta. AEBetako makina bat hiritan errepikatu zen irudia ostiral gauean, hasierako deialdia sare sozialen bitartez bazter guztietara iritsi zen-eta.

Chick-fil-A kateak 1.600 jatetxe inguru ditu herrialdean eta oilaskoa da bere eskaintzaren produktu nagusia. Gainera, katearen jabeek homosexualen arteko ezkontzaren aurka dauden erakunde kristauei diru laguntzak ematen dizkiete.

«Ez gaude ez kultu askatasunaren ez adierazpen askatasunaren aurka. Gay-a naizelako nago hemen, eta gorrotoa inoiz ez dela bultzatu behar pentsatzen dudalako», adierazi zien kazetariei Hollywooden Bryan McIlroy 35 urteko diseinatzaileak, «Maitasuna babestu, ez gorrotoa» irakur zitekeen txarteltxoa eskuetan zeukala.

Ustezko kristautasunaren balioak oso zorrotz defenditzen ditu AEBetako hegoaldean sortutako janari lasterreko jatetxe kateak. Esaterako, igandetan ateak ez ditu zabaltzen, bezeroek zein langileek elizara joateko aukera izan dezaten, kateak berak zabaltzen duen diskurtsoaren arabera.

Kristautasunaren ustezko balioen defentsarekin batera, beste ezaugarri batek egin ditu ezagun Chick-fil-A izeneko jatetxeak: oilaskoarekin egindako espezialitateak. Hori kontuan hartuta, manifestari batek, umore puntu batez, zera zioen kateko jatetxe baten aurrean: «Jesukristok arraina jaten zuen». «Ez oilaskoa», erantsi beharko da.

Sexu askatasunaren eta homosexualen eskubideen aldeko ekintzaileek Chick-fil-A katearen aurkako mobilizazioak hasi dituzte, jatetxe horiek milioika dolar ematen baitizkiete talde kristau kontserbadoreenei, eta azkenean, diru hori homosexualen arteko ezkontzaren aurkako kanpainetan erabiltzen da. AEBetako zerga erregistroetatik atera dute aipatu datua.

«Beldurra eta intolerantzia besterik ez dut ikusten horien jarreran -esan zion France Presse agentziari Steve Lanasa 40 urteko artistak-. Beraiekin zerikusirik ez duten gaien inguruan beste pertsonei beraien eskubide zibilak kentzea lortu nahi duten kanpainetarako horrenbeste diru ematea nola ulertu behar da bestela?».

Ez ziren pertsona asko elkartu Hollywoodeko jatetxearen aurrean, hamarren bat, France Presseren arabera, baina imajinazio faltarik ez zuten. Gazte bat, esaterako, Jesukristoz mozorrotuta bertaratu zen, egurrezko gurutze eta guzti. Tunika zuria, ile luzea eta arantza koroa. Kazetariak nor ote zen galdetzean, «Jesukristo, 33 urtekoa», erantzun zuen. Handitasunez, zera erantsi zuen: «Jainkoak guztiok maite gaituela gogorarazteko nago hemen, homosexuala, heterosexuala, zuria ala beltza ote zaren begiratzen aritu gabe».

Dan Cathy Chick-fil-A kateko presidenteak eliza baptistaren aldizkari bati esan zion uztailean homosexualak elkarrekin ezkontzearen aurkakoa dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo