Udate | Etxarriko jaiak
Etxarri 2012ko hiru kidek, antzinako jantziak soinean, piztu dituzte jaiak
Urte berezia dute Etxarri-Aranatzen, herria sortu zeneko eta Nafarroa konkistatua izan zeneko urteurrenak betetzen dira eta. Jaiek ere kutsu berezia hartu zuten hasiera-hasieratik eta aldarrikapenerako une ugari izan zen atzo. Haur, gazte zein helduek bete zituzten goizean goizetik kaleak, herriaren parte-hartzea oinarrizko osagarri izango duten jai batzuen lehendabiziko orduetan. Ostirala bitarte ez du etenik izango festa giroak Sakanako alde honetan.
Aitor AGIRREZBAAL | ETXARRI-ARANATZ
Etxarri-Aranatzeko Udaleko balkoiak zazpi mende egin zuen atzera atzo, aurtengo jaiei ongi etorria emateko. Etxarri 2012ko hiru kidek piztu zuten suziria, soinean herriaren sorreraren garaiko jantziak zeramatzatela. Kolore berezia hartu zuen Sakanako herriak jaiaren hasierako uneetan.
Herritarren memoria historikoa berreskuratu eta burujabetza helburu duen lanagatik eskaini zien txupinazoa gauzatze- ko aukera hau Etxarri-Aranatzeko Udalak urte osoan lanean ari den taldeari. «Pertsonalizatu gabe, hiru kidek ohore hau izan zezaten erabaki genuen», azaldu zuen Etxarri 2012 lan-taldeko partaideetako batek.
Urte osoko lanaz gain, jai hauetan beste helburu bat du plataforma horrek, herritarrek presta ditzaten herritarrentzako jaiak: «Parte-hartzea bultzatu nahi dugu; guztion ekimenez eta guztion artean, jai hauek aurrera ateratzea».
Gaztelak Nafarroa konkistatu zuenetik aurten 500 urte betetzen dira eta 700 urte, Etxarri- Aranatzeko herria 1312an sortua izan zenetik. Bi urteurrenok ospatzeko modukoak ere badira. Eguerdiko ordu batean leherrarazi zuten jaiei hasiera eman zien suziria. Jaietan murgilduta, txikienek buruhandien aurrean korrika egiteko aukera izan zuten, batzuk besteak baino beldur handiagoa ezkutatzen saiatzen zirela. Oraindik korrika egiteko gai ez direnak, herriko txikienak, txundituta utzi zituzten erraldoiek, begiak zabal-zabalik zituztela. Horietako batzuek, azken urtean jaiotakoek, lehendabizikoz egingo diete aurre jaiei, eta ohitura den moduan, jaietako zapia ezarri zieten egun hauei behar den moduan ekiteko.
Arratibel eta Aldasorori agurra
Etxarri 2012 ekimenak, txupinazoa eta gero, herriko sarreran ekitaldi berezia egin zuen bere helburuen inguruan. Normalean, udaletxe aurrean jartzen zen ikurrina, baina horren debekuaren aurrean, herriko sarreran dagoen biribilgunean, zutabe batzuetan, ikurrina eta Nafarroako zein Etxarri-Aranatzeko banderak jarri zituzten, herrian sartzen zen edonork ongi ikus zezan herritarren nahia. Ekitaldian bildu zen herriko jendeak argi utzi zuen zer izan zen iraganean, zer den orain eta etorkizunean zer izan nahi duen Etxarri-Aranatzeko herriak.
Azken asteetan berri onak iritsi dira Etxarri-Aranatzera, Xafan Arratibel eta Joxe Aldasoro etxera itzuli dira eta. Hala ere, bada herriko jaiak etxetik urrun pasa beharko dituenik. Jaiak ospakizun egunak dira, baina ez daudenen omenez, atzo Euskal Errepresaliatu Politikoen Eguna ospatu zuten Etxarri-Aranatzen. Txupinazoaren ondoren, preso eta iheslarien aldeko brindisa egin zuten, ekitaldi hau hurrengo urtean errepikatu beharrik izango ez den itxaropenez. Pote batzuen ostean, omenaldiarekin jarraitzeko herri bazkaria egin zuten, presoak gogoratzen zituzten aldi berean, mahai-inguruan, festan jarraitzeko indarrak hartzeko asmoz.
Arratsaldez, parrandan etenaldi txiki bat egin zuten Etxarri-Aranatzeko kaleetan zehar manifestaldia egiteko, preso politiko eta iheslarien egoera salatzeko. «Jaiak bai, borroka ere bai», gogorarazi zuten bertara hurbildutako bizilagunek.
Festa parekide batzuen aldeko kanpaina ere egin dute Udaletik. Programak berak azaltzen duen bezala: «Familikuek kasueittie eta etxeko ardurek denon artien banatzen battugu, festaz denok gozatuko diau; bei emakumiek, bei gizonek!». Herritar ororen jaiak, herrita orok ospa ditzan.