GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Unai Parot | Euskal preso politikoa

Erdara maitea

Txikitan gure Zuberoara joaten ginenean, beti «Hunki jin gure etxia!» (Ongi etorri gure etxera) entzuten nuen, eta agian nik ez dut berriz hau entzungo, baina ondorengoek entzun lezaten nahiko nuke. Eta zuek?

Abertzaleak gara, eta beti euskararen alde hitz egiten dugu: gure altxorra dela, Euskal Herriaren bihotza dela, mamia, babestu behar dugula, zabaldu, eta ez dakit zer gehiago... Baina gero, egunerokoan, behin eta berriz, jo eta ke, su eta gar, erdararen alde egiten dugu.

«Bueno, bale, esan didate ke, aber, lokepasa eske, nere aita, nere ama, nere etxea, ni, ni, ni eta ni» eta abar. «Kekeak», «baleak» eta «niniak» esaten diet nik. Eta «bale» esaten didatenean «balea zu, zeroi!» erantzuten diet, eta «keke» hauekin zerura begiratzen dut ke bila.

Zozokeriak direla dirudi, baina beti dira erdararen aldeko «zozokeriak»! «Pizinara joango gera?». Zergatik ez igerilekura? Igerileku, ingelesez bezala -swimming pool- oso egokia dugu, igeri egiteko lekua, ez «pizina», latinez piscis, «arrandegia». «Gimnasia/gimnastika egingo dugu, gimnasiora joango gera?». Eta zergatik ez «Soinketa egingo dugu, kiroldegira joango gara?» («Gimnasia»-k, gimnasio grezieraz, «biluzik» esan nahi du, greziarrek kirolak biluzik egiten zituztelako).

Lehen, nik, gehienek bezala, «egurrezko aulkia» esaten nuen, jakin gabe. Eta egun batez honi buruzko euskaltzain baten idazkia ikusi nuen: Egur = «leña/ bois de chauffage» eta Zur = «madera/ bois» direla adierazten. Erdaraz nork esango du ba una silla de leña/ une chaise en bois de chauffage? Inork ez! Ezta pentsatu ere! Baina euskaraz... nahi duzuna! Bost axola! Erdaraz horrelakorik esatea... Eroa zara ala? Gora erdara!

Haragia eta okelaren kasuan, gauza bera. Frantsesez nork esango du: Je vais manger de la chair? («je vais manger de la viande» esan behar da). Okela hilik dago eta haragia bizirik, frantsesez viande eta chair bezala, gutxi gorabehera (gaztelaniaz ez dute horrelakorik).

Ausart batzuek neska «guapa» eta mutil «guapo»-ak aurkitzen dituzte, baita ere erdara hutsean, generoa aldatuz, eta «eder» hitz ederra baztertzen. Eta abar luze bat.

Duela urte batzuk, espainiar telebistan, mugan gertatzen zen manifestaldi bat ikusi nuen: Iparraldeko nekazari batek idatzi zuen traktore baten gaineko banderolan «Ne touche pas à ma terre!» «Gure lurra ez hunki!». Frantsesez, «Nire lurra ez hunki» idatzi zuen, frantsesek bezala (ni, nire, nire burukoikeria). Baina euskaraz egiazko euskaldunek bezala egin zuen: «Gure lurra ez hunki!» (gu, gure, taldea, elkartasuna, batasuna).

«Familia», «sendia» (latinetik) hitzek gauza bera adierazten dute: burukoikeria, norberekeria, odola, enda (arraza), erromatar zuzenbidea, etsaiaren zuzenbidea, euskal etxearen aurkakoa. «Etxekoak» gara gu, etxean direnak (ez odolekoak). «Euskaldunak» bezala, euskaradunak. Arrazazaleak (arrazistak) garela esaten dute baina arrazazaleak haiek dira!

Gure bazterrak, etxea (ez nire etxea), alaba (ez nire alaba), senarra, eta abar. Aita eta biok, ez «nire aita eta ni» edo «ni eta nire aita», okerrago.

Nik ez dut euskaraz ongi egiten, baina behintzat euskara guztiz ez izorratzeko ahaleginak egiten ditut, haren sena, haren mamia, ez dadin guztiz alda.

Oraingo beste akats harrigarri bat alderantziz hitz egitea da. Euskarazko lehen ikasgaian, maiz, etxe baten marrazkitxoa agertzen da, eta «Etxea da» idatzirik («Es una casa», «C'est une maison»). Eta gaur egun, askok «Hau da etxea» esaten dute, erdaraz bezala; ez dute lehenengo ikasgaia gainditzen! Ikastoletan ere: «Joango naiz etxera». Zer da hau? «Etxera joango naiz», ez? Aditza behin eta berriz lehena jartzea, baiezkoetan, hori ez da euskara, erdara da!

Ez dut inoiz galiziera ikasi eta, entzuten dudanean, den-dena ulertzen dut. Zergatik? Gaur egun gaztelaniaz egiten dutelako guztiz, eta gaztelera ulertzen dudalako. Hau nahi ote dugu euskararekin? Erdara bihur dadin? Nik ez behintzat!

«Ama eta biok», «euria ari du», «euria dakar» (Ortzik...) -animismoa, izadiaren garrantzia-, «errekak hil du», «gure lurra», «gure etxea», «loak hartu nau», «etxea suak hartu du», «haizea dabil», «hotzak nago», eta abar, entzuten edo irakurtzen dudanean, liluraturik geratzen naiz, eta egia esan, ez dut batere gogorik hau dena izorratzeko! Eta zuek?

Maiz mezularia hiltzen dutela ederki dakit, baina txikitan, gure Zuberoara joaten ginenean, beti «Hunki jin gure etxia!» (Ongi etorri gure etxera) entzuten nuen eta, agian, nik ez dut berriz hau entzungo, baina gure ondorengoek entzun lezaten nahiko nuke. Eta zuek?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo