GARA > Idatzia > Euskal Herria

200 kilometro egin dituzte oinez, euskal selekzioari beste bultzada bat emateko

Joko Olinpikoetan Euskal Herriko selekzioaren hutsunea ahalik eta lasterren konpontzea helburu, Donostiara heldu dira ESAITen urteroko mendi martxan parte hartu duten dozenaka lagunak. Beraiekin, alkatea.

p015_f02.jpg

Ramon SOLA | DONOSTIA

«Euskal Herriko selekzioa aurrera!». Oihu horrek ustekabean hartu zituen atzo eguerdian Donostiako Parte Zaharra betetzen zuten udatiarrak. Juan Karlos Izagirre alkatea beraiekin zetorrela, ESAITen mendi martxan parte hartu duten lagunak Konstituzio plazara iritsi ziren, ofizialtasunaren aldeko urrats berri bat egin ondoren.

Urrats bat baino, ehunka mila izan dira azken zortzi egun hauetan ibilitakoak. Bidaxunetik atera ondoren, Aiherra, Irisarri, Donibane-Garazi, Aldude, Arraioz, Igantzi eta Astigarradatik pasatu dira Gipuzkoako hiriburuko helmugara iristeko. Guztira, 200 kilometro inguru.

Umoretsu nabarmendu zuen Txiki Falerok, parte-hartzaile guztien izenean: «Bistan da gu ez garela Londresetik etorri! Baina egun batean hor egongo da Euskal Herriko selekzioa, eta horretarako honelako ekimenak garrantzitsuak dira», esan zuen.

Itziar Arratibel ESAITeko lehendakariak itxi zuen ekitalditxoa, berak ere Joko Olinpikoei aipamena eginez. Londreseko lehian dauden euskal kirolariei erreparatuz, zera salatu zuen: «Ezin izan dute ikurrinapean desfilatu, ez eta beren garaipenak ikurrinarekin ospatu». Eta ESAITen nahia kirolari horiek euskal selekzioan eta modu ofizialean «aritzeko aukera izan dezatela da, nahi duten bezala jokatzeko», azaldu zuen.

Hori lortzeko bidean, erakundeei dei egiten die ESAITek, ofizialtasun horren alde lan egin dezaten. Eta horregatik, Bilduko alkatearen atxikimendua oso gogo onez hartu zuten. Oroitarri bat ere eman zioten; izatekotan, «oparia guk zuei eman behar dizuegu», erantzun zuen Izagirrek. Izan ere, aurtengoa mendi martxa honen hamabigarren edizioa da dagoeneko. Eta Euskal Selekzioaren Egunaren hamalaugarrena jadanik.

Falerok ere, aldarrikapen hori gauzatzeko gaurtik eta edozein esparrutatik ekin behar diogula adierazi zuen. Askotan, estatus juridiko-politikoa aldatzen ez den artean ofizialtasuna ez dela posible entzuten dela ekarri zuen gogora. «Gezurra», erantzun zuen, halakoak aitzakiak baino ez direlakoan. Edozein kasutan, independentziaren aldarri garbia egin zuten ekitaldian.

Benetako kirola

Zortzi egun hauen ondoren, gosez ez ezik parranda egarriz ere bazetozen martxalariak. Baina bapo bukatu zuten eguna, lehenik Parte Zaharrean triki-poteoa eginez eta gero Konstituzio plazan bertan haragiz ondo hornitutako herri bazkaria dastatuz.

ESAITen filosofia, gainera, benetako kirolarekin lotzen dela gaineratu zuen Txiki Falerok. Balio horiek oso presente egon dira mendi martxa honetan: ahalegina, elkartasuna... «eta ez maltzurkeria, negozioa, ustelkeria», erantsi zuen, gaur egun hainbestetan goi mailako kirolak erakusten dituen ajeei aipamena eginez.

«Nazioa, selekzioa»

«Nazio batek bere selekzioa behar du. Ez dute ulertu nahi, baina hain zaila al da ba? Herri bat, selekzio bat», laburbildu zuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak, mendi martxako kideei zuzendutako hitzetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo