Iker Bizkarguenaga | Kazetaria
Non duzu denda, Zeledon?
Abuztuak bosgarrena du gaur, Andre Maria Zuriaren omenezko eguna eta Gasteizko jaietako hitzordu handia. Jaietan bete-betean sartuta gaude, beraz, udal-agintariek berde fosforitoz margotu nahi duten hiri koloretsu honetan. Askok, egia esan, ostiralean abiatu genituen jaiak, euskal errepresaliatuen aldeko txupinazoak eta txosnen irekitzeak finkatu baitzuten normaltasun aspertuaren eta parranda-giroaren arteko muga.
Horregatik, batek baino gehiagok begizuloekin borrokan eta buruko minez heldu zion atzo Zeledonen jeitsierak urtero proposatzen digun erronkari. Ez pentsa, ez da erraza izaten enbidoari eustea. San Migeleko kanpandorrearen behealdean zabaltzen den lautada zabalean milaka eta milaka lagun sartzen dira, eta abuztuaren 4ko arratsaldean ez da aukera handirik izaten jendearen azpian porlana edo zelaia dagoen jakiteko. Iruñeko Udaletxe plaza famatu egin da mundu guztian txupinazoagatik, baina, sinetsidazue, plazatxo polit baina txiki horretan baino askoz jende gehiago sartzen da hemen. Eta denek nahi dute bertan txoko bat izan.
Eta erraza ez dena, zaila bihurtzen da plaza barruraino pankarta erraldoi edo ikurrekin sartzea egokitzen bazaizu. Jendetzari aurre egin eta lehen lerroan hamar mila metro koadro (edo gehiago, auskalo) dituen oihala zabaltzeak badu meritua. Ariketa hori ez da dominekin ordaintzen, baina batzuek mereziko lukete Joko Olinpikoetara joatea. Eta zer esan lanean bazaude. Gazteok, ondo entzun; kazetari izan nahi duzuen edo ez erabaki baino lehenago, xanpainez bustitako koadernoan xanpainez bustitako boligrafoarekin zerbait idazten saiatu.
Hau irakurrita, ulertuko duzue une magiko horretan, Zeledon guztion buruen gainetik hegan pasatzen denean, askok inbidia puntu batekin begiratzea. Gozagarria izan behar baitu marabunta behean uztea eta, euritakoari helduta, ikuskizunari zerutik erreparatzea.
Atzo, ordea, zalduondoarra ikustean, euritakoak non erosten dituen jakitea ondo legokeela pentsatu nuen -atzoko aterki itsusi hori, ez. Hori badakit nork oparitu zion-, guk ere ehunka batzuk erosteko. Gero ziega ilunetan (hor ez dago green kolorerik) barreiatuta dauden festazalei banatu eta, saltotxo bat emanda, murruen gainetik hegan egin dezaten. Esan mesedez, Zeledon, non duzu denda?