GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Berriak zahar

Ziztu bizian doaz berriak ekonomia esaten zaion horretan. Paperezko egunkariak ez dira gai horren azkenak emateko. Tira, eskeletarako aukera sikiera ematen dute oraindik ere; hori bai, gaueko hamarrak baino lehen hil behar zara. Aurreikuspenek markatu dute beti ekonomiaren norabidea. Bai zera! Gaur aurreikuspenak egin orduko atzeikuspenak dira. Esaera zaharra berritu eta zaharrak berri esan ordez berriak zahar izan beharko. Ziztu bizian ez, susto bizian doa ekonomia. Eta gu horrekin batera, atoian edo. Aurreikuspenetan kontua da gaur-gaurkoz eguraldikoak baino ez direla fidagarriak, egun gutxi batzuetarakoak behintzat. Horien ondoan, ekonomiakoek bospasei minutu besterik ez dute irauten, igandea izanda ere ez. Jainkoaren gorputza, amen.

Eta ekonomiatik olinpikoki pasatu gurarik, Londonekoa etorri zait burura. Dominen lehiaz jakin nahi eta dominen leihora atera naiz, gure beheko estatu antzeko horrek zerrendan gutxi gorabeherako postua zein duen ikusteko. Ez pentsa, lupaz jantzi behar izan dut begia! Hara non! Demontre! Jakinez gero, azkeneko postutik hasiko nintzen, denbora irabaztearren. Tira, harira! Urrerik gabeko hiru domina, euskal jendearena barne, gaur-gaurkoz. Dudan nago ez ote den bat monarkarena izan, jausi hirukoitzean hartuta. Hau kolpea! Benetakoa. Izango ote txandal ofiziala janzteari uko egin ziolako? Horrela izan balitz, ezin arrazoia kendu, gauza bat da monarka izatea eta beste bat gustua ez izatea. Tira, Ibex35ak berak ere ez da hainbeste jausi. Monarken arteko jokorik balego, errekorrak ere hautsiko lituzkete. Zoritxarrez, batzuentzat, Londonen ez da elefante-tiroketan lehiarik, plater-tiroketan baino ez, bestela... elefantea platerean amaituko litzateke, seguruenik, eta tiraria auskalo non!

Ez ekonomia, ez jokoak, aire berria behar dut. Hara, Donostiako Ondarreta hondartzan zer eta harriak! Seguruenik ez zen horrelakorik gertatuko Udala Bilduren esku izan ez balitz. Besteen esku izanda, dzast!, harri guztiak segituan birrindu eta hara!, harea gehiago hondarretan! Hori bai, azpikontratatua lana. Baina dagoena dago eta ez dagoena baleukate! Laster batean, agian, horko hondartza-txosnetan macochinche jarriko dute aukeran, Bolivian coca-cola kanporatu duen edaria. Itxura batean, boliviarrek beren bizitzaren txinparta aurkitu dute, bertatik bertara, besteok sutan utzita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo