GARA > Idatzia > Euskal Herria

Comete ihes-lerroaren omenaldia Lapurdi garaian kokatu da aurten

1941 eta 1945 artean naziek menderatzen zituzten lurraldeetan erortzen ziren pilotu aliatuak salbatu eta beren etxeetara eramaten lagundu zuen Comete sareak. Belgikan bere egoitza nagusia zuen isilpeko sare horrek Euskal Herrian ukan zituen laguntzaileak omentzeko irailaren 7tik 9ra hainbat ekitaldi antolatu dituzte Lapurdin.

p014_f01.jpg

p014_f02.jpg

Maite UBIRIA

Usu, Bidasoa aldera martxa bat antolatzen dute sareko lagunek. Aurten, ordea, Lapurdi Garaian murgilduko dira martxistak. Itsasu, Ezpeleta eta Larresorotik igaro ostean Gorospileko lepora hurbilduko dira Comete Sarearen Lagunak elkarteko kideak. Horrela, hain ezaguna ez den igarobidea erakutsiko dute. Larresorotik, Jauriko bordatik, Hegoaldera eramaten zituzten pilotu aliatuak, besteak beste, Pierre Elhorga, Mattin Orhagaray, Pierre Etchegoyen, Baptiste Aguerre, Juanito Bidegain eta Jean Elizondo mugalarien laguntzaz. Euskaldun horien engaiamendu isila ohorean ezarriko dute aurten Comete sareko lagunek.

Nazien aurkako erresistentziak sortutako Comete ihes-lerroak 800 bat hegazkin pilotu Pirinioetako mugaren bestaldera eramatea lortu zuen. 1941 eta 1944 artean aritu zen lanean sarea.

Bere jatorria Belgikan zuen erresistentzia taldeak, baina berehala Euskal Herrian oihartzuna atzeman zuen. Horrela, mugaz bi aldeetako euskal herritar anitzek babestu eta lagundu zuten naziek okupatzen zituzten lurraldeetan eroritako pilotu aliatuen ihesaldia bermatzea xede zuen ihes-lerroa.

Bidearen lehen zatia biziki lanjerosa zen, Belgikatik Parisera joan behar zuten eta ibilbide horren gainean nazien kontrola aski zorrotza zen. Frantziako hiriburuan iheslariek trena hartzen zuten eta Baiona edo Donibane Lohizunen egiten zuten geldialdia. Handik Ziburura eramaten zituzten, Kattalin Agirreren etxera.

Kattalin Agirre

Agirrek Donibane Lohizuneko Euskalduna hotelean egiten zuen lan eta antolakunde anitzentzat luzatzen zuen laguntza. Muga iragan aitzin azken pausa Bidegain-Berri baserrian egiten zuten, Urruñan, han bizi baitzen Frantxia Usandizaga, bere bi semeekin eta Juan Manuel Larburu hernaniar erbesteratuarekin. Hernaniar horrek mugalari lanetan jardun zuen atxilotu eta kontzentrazio-eremu batetara eraman zuten arte. Han hil zen. Besteak beste, Manuel Iturrioz, Tomas Anabitarte eta Patxi Okamika ere mugalari gisa aritu ziren Comete sarearentzat.

Frantxia Usandizagaren etxetik atera eta Hernaniko Florentino Goikoetxea mugalariari segitzen zioten iheslariek. Gau guzia ematen zuten oinez, aitzinean Florentino izaten zuten gidari eta gibeletik Andree De John Dedee Comete sarearen sortzailea.

Iheslariekin batera Bidasoa zeharkatu eta Aiako Harria alderik alde gurutzatu ondotik Sarobe baserrira heltzen ziren, azkenik Oiartzungo Altzibar auzora arribatuz Arbide-Garaiar familiaren etxera. Bidaiaren helburuak ia-ia beteak zituzten hara heldurik. Donostian Bernardo Arakamaren etxean deskantsatzen zuten pilotuek. Hurrengo egunean britainiar kontsulatuak bidalitako taxi batek lehenengo Madril eta gero Gibraltarrera eramaten zituen eta handik hegazkinez Londresera itzultzen ziren.

Aurtengo egitaraua

Urtero-urtero euskal mugalarien laguntza eskertzera datoz Comete sareko lagunak. Usu, Comete ihes-lerroak baliatu zuen muga pasabide ezagunetatik, Bidasoa ibaia zeharkatzen zuena, martxa bat egiten dute.

Aurtengoan, aldiz, bestelako norabidea hartuko dute martxistek, Lapurdi Garaian ekitaldiak antolatu baitituzte. Hala nola Itsasun, Ezpeletan eta Larresoron sareak atzeman zituen laguntzaileak omenduko dituzte. Comete sareak baliatu zuen beste ibilbidea, askoz ezezagunagoa, erakutsiko dute aurten.

Larresorotik, Jauriko bordatik, Hegoaldera eramaten zituzten hegazkin-gidariak, betiere euskal mugalarien laguntzaz. Baserritarrak, artzainak, kontrabandistak.. euskal erresistenteak, finean, ziren mugalari horiek. Urtetan beraien engaiamendua isilean gelditu da, eta bada garaia argitan jartzeko.

Comete sareko lagunek horrela eginen dute aurten. Lapurdi barnealdeko muga pasabideetan ibilitako euskaldunen memoria berreskuratu nahian. Zuraide, Ezpeleta, Larresoro... eskualde horretan muga zeharkatzeko laguntzaile lanetan ibili ziren, besteak beste: Pierre Elhorga eta bere iloba Mattin Orhagaray, baina baita Pierre Etchegoyen, Baptiste Aguerre, Juanito Bidegain eta Jean Elizondo ere.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo