Pello ZABALA | Eguraldian aditua
Bueltan gara!
Oporretatik omen gatoz. «Oporrak zer moduz?». Hori da galdera, inorekin, batarekin edo bestearekin juntadizioa egin orduko jaukitzen dena. Badirudi berez sortu edo, berez ez bada buruz ikasitako, edo, buruz berez sorturiko, diosala dela. Eguraldiaz galdetzea edo hartaz jardutea omen zen lehenago, arestian oraintxedaino, isilaldia eteteko artimaña. Berdin dio. Hirurehun ez bada (jeesseus! zenbat «h» tartean...!), hirurehun eta hogei aldiz bai, entzun eta jaso dudala aurten, oporraldiazko galdegite komenientziazko komeriantezkoa: «Ta, oporrak, ondo joan al zaizkik?».
Primeran! Zer esango nien, bada? «Etxe bakoitzak zeukak/an bere martxa». Eta gure honetakoa, Arantzazuko santutegi eta basilika handiaren aldamenean zintzilik dagoen habi mordoxka honena, ez dun, edo ez duk, apartekoa. Solamente, edadean aurrera joan ahala, umorea ohi dugula estimatuenetakoa. Zeren eta, zahartxo izateaz gainera, laguntza eske egoteaz gainera, artean umore txatxutuxea (zenbat «x» oraingoan!) badauka, inguruko guztiak, umorea salbu nondik aterako baikabiltza...
Halere, nik erantzun azkarra neukan. Niri? Oporrak primeran! Abuztu guztian mugikorra itzali edo itzungi (segun batuzaleentzat edo Debagoienekoentzat zen), eta kitto! Kosturik ez: ez mugikorrean eta ezta estutasunean eta estresgunean ere. Eta horrela, primeran.
Noski. Beste kontu bat da, euri hitz dontsuarekin loturik doan gaineratikoa. Izan ere, euririk egin al du? Batek baietz, besteak ezetz... nork argitu euskaldunok hain inportantea dugun kontua? Batek: lasai! ur putzuak gainezka daudela! Besteak: ardiak menditik jaisten ari direla artzainak, bertan gosez larri ihartuko ez badira! Nori sinetsi? Ez al dute esan bada, goiz batean bertan, abuztu osoan beste euri egin duela jada? Baina non? Euskal Herri osoan, edo txoko mirrintxo batean? Ez diola inportik, besteak; nahikoa ur badagoela ur putzu eta zingiretan! Ederki asko esan zitzaigun udan sartzean, abuztuan euri galanki egingo zuela kostan... eta zer? Ez al dik ba nahikoa egin? Hauek denak, behin eta berriz entzunak ditugu aurtengo abuztu xelebrean. Xaltxa ta xaltxerio honetatik guztitik, aber, zer aterako zenuke, laburpen txukuntxo bat atera beharko bazenu?