GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kanporatu dituzten arren, Donaixtiko okupek beren proiektuari eutsiko diote

p016_f02ONA.jpg

GARA |

Danaixtiko San Mixel kolegioko jabe diren serorek suprefetari dei egin ostean, atzo 10.00k aldera, uztailaren 21etik bertan zeuden gazteak aterarazi zituzten jendarmeek. Hasieran modu nahiko bortitzak erabili zituzten, sarrerako atea botaz eta Bethi Aitzina elkarteko gazteak kanporatuz beren gauzak hartzeko astirik ere eman gabe. Gerora, epaitegiko idazkariak agindua erakutsi ostean, zenbait kideri barnean zituzten gauzak ateratzen utzi zizkieten.

Gurutzeko Alabak kongregazioak egindako salaketa eta eskaera aintzat hartuta, Baionako epaitegiak joan den abuztuaren 22an agindu zuen lokala hustea.

Kanporatuak izan ondoren, gazteek auzapezaren etxe aurrera jo zuten eta hantxe bertan piknika egin zuten. Okupazioa hasi eta berehala, auzapezak dekretua kaleratu zuen kolegioaren erabilera publikoa galaraziz.

Elkarretaratzea

Gaur 15.00etarako hitzordua dute gazteek udal hautetsiekin beren proiektuaz mintzatzeko. Ordu berean elkarretaratzea deitu dute Herriko Etxearen aitzinean.

Izan ere, gazteek beren proiektuari eusteko erabakitasun osoa azaldu dute. Etxebizitza kolektiboa egiteko eta kultura herrikoia sustatzeko autokudeatutako gune bat sortzea dute helburu.

Orain dela hiru urtez geroztik hutsik dagoen San Mixel kolegioa leku aproposa iruditu zitzaien xede horretarako eta sartu bezain laster lanak egiteari eta ekimenak antolatzeari ekin zioten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo