GARA > Idatzia > Kultura

Gaizki pasatzearen gozamena, zirku beltzaren eskutik

Tentsioan gaudenean edozerk izutzen gaitu. Tentsio hori nahita sortutakoa bada, bat-bateko, une bateko eta muturreko izu hori plazer hutsa izan daiteke askorentzat. Utzi lotsa eta umore txarra etxean, eta presta zaitezte zorigaitzeko karpa beltzean garrasika eta algaraka lehertzeko.

p041_f03.jpg

p041_f05.jpg

p041_f06.jpg

Nagore BELASTEGI

Karpa koloretsuak, pailazo irribarretsuak, pizti basatiak eta haurrak dira zirku batean pentsatzean burura etortzen zaizkigun lehenengo gauzak. Circo de los Horrores konpainiak eskaintzen duen ikuskizunak ere baditu elementu horiek, nolabait. Karpa handi bat du, ilargirik gabeko gaua bezain beltza. Zirkuko pailazoak Grimo du izena. Publikoari adarra jotzea gustuko du, baina txoko guztietan agertzen da bere irribarre beldurgarriarekin ikusleen oihuak sortuz. Piztiak ez dira esperotako lehoiak, lurpetik irtendako izakiak baizik. Eta haurrak, publikoan beharrean, agertoki gainean daude, joko makabroetan aritzeko prest. Munstro horien guztien gidaria Nosferatu da, F.W. Murnau zuzendariaren 1922ko film entzutetsuko banpiro mitikoa.

Garbera merkataritza zentroan muntatu duten zirku honek betidanik ezagutzen ditugunen elementuak osagarri berriekin nahasten ditu. Hala, Circo de los Horrores konpainiaren ikuskizunean kabareta eta antzerkiaren zantzuak nabaritzen dira, betiere umorea alde batera utzi gabe. Publikoaren parte hartzea ere garrantzitsua da, zenbaitetan aktoreak baino ikusleak beraiek baitira protagonista. Emanaldiak irauten dituen bi orduetan ikusleak zirkuaren magiaz gozatu ahal izango du, emanaldi bakoitzari zentzua ematen dion istorioa jarraituz. Hasieran, ordea, karpa txikiago batetik nagusira bitarteko bidean, zirkua izuaren etxe bilakatzen da. Inor ez da sustoetatik salbu egongo. Horregatik, beldurrarekin guztiz gozatu nahi duenak, hobe du ordu erdi lehenago agertzea.

«Beldurra» eta «gozatu» hitzak esaldi berean aurkitzea pentsaezina izan daiteke askorentzat, baina gaizki pasatzearen plazera ezkutatzen da mota honetako ikuskizunen atzean. Zirkura doazenek badakite mozorroen atzean aktoreak daudela eta ezin dietela minik egin, eta, hala, sorpresaren zain egoten dira, munstroak zirikatzen, bat-batean ezustea hartu arte. Garrasiaren ostean, segundo bakar batean, lasaitasuna dator, baita irribarrea ere. Hori bai, ikuskizuna berriz hastean, tentsioa nagusitzen da berriro.

Bellcebu deabruak deituta, agertokian agertuko dira munstro guztiak, banan-banan: mamu dantzariak, beltzez jantzita, mugimendu hipnotikoak sortuz; Sara goxoa baloiarekin jolastu nahian; momia bat bira eta biraka; zonbiak saltoka; kariokekin jolasten duten banpiroak... eta beste asko. Ikuskizuneko pertsonaiarik deigarrienak Grimo pailazoa eta Nosferatu banpiroa dira. Horien atzean Javier Trave eta Enric Golmayo daude, hurrenez hurren. Beraiekin izan ginen joan den asteazkenean, makillatzen ziren bitartean. Neurrira eginiko latexeko maskarak eta protesiak hartu eta lanean hasi ziren. Lehenengo makillajea, ondoren kola, eta, amaitzeko, azken ukituak.

«Hemen duzue pailazoa. Une honetan Batman edo Robin dirudien arren -komentatu zuen Golmayok bere kideari begira-, behin makillaje saioa amaituta, beldur gehiago ematen du. Jendeari beldurra pasatzea gustatzen zaio, ondoren algarekin askatzeko. Hori da hemen funtzionatzen duen koktela. Jendea tentsio handiz sartzen da zirkura, baina emanaldiak aurrera egiten duen heinean lasaitu egiten da, guztiaz egiten dugulako barre. Oso ikuskizun ganberroa da».

Travek azalpenekin jarraitu zuen: «Agertokian beldurra eragiteko moduko makillaje eta maskara asko daude, baina istorioaren nukleoan zirkuko artistak daude. Adibidez, `The exorcist' filmeko bi umeak kontorsionistak dira. Publikoak ezagunak dituen pertsonaiekin jolastea da eskaintzen dugun berrikuntza». Horrela, «The crow», «The ring», «From dusk till dawn» eta «The Texas chain saw masacre» pelikuletako edota «Silent hill» beldurrezko bideo-joko ezaguneko pertsonaiak identifika ditzakegu. Grimo pailazoak berak Stephen King idazlearen «IT» nobela ekartzen digu burura, estetikoki Slipknot talde estatubatuarreko perkusionistaren antz handiagoa badu ere. «Nire pertsonaia Alex de la Iglesiaren `Balada triste de trompeta' filma baino lehen sortu zen. Ez dakit zergatik esaten duten Grimo pailazo hiltzailea dela. Ez da hiltzailea, kabroi bat da», argitu zuen.

Pailazoei beldurra dieten pertsona asko eta asko daude, eta, Grimorekin aurrez aurre elkartuz gero, justifikatuta izan daiteke izua izatea. Egia esan, pertsonaia guztiek sor dezakete kontrola ezin daitekeen beldur irrazional hori. Golmayori kostata ahaztuko duen zerbait gertatu zitzaion duela gutxi: «Lehen ilaran ikuskizunerako behar nuen ezaugarri jakin bat betetzen zuen gizon bat zegoen eserita. Berarengana gerturatu nintzen txantxa bat egitera, alboan garrasika zegoen alaba ikusi gabe. Aita zoro moduan jarri zen, irainka. Normalean ikuskizunetan ez da ezer gertatzen, baina norbaitek beldur handia badu, hobe da ez etortzea».

Circo de los Horrores konpainia Peru eta AEBetako Miami hirian izan da azkenaldian, eta orain urte amaierara arte Estatu espainiarrean izango bada ere, jarraian denboraldi luze batean nazioartean arituko da garrasiak beste herrialde batzuetan zehar zabalduz. Konpainiak bi ikuskizun ditu prest uneotan eta biak batera eskaintzen ditu hiri desberdinetan. Hala, konpainia hilak 16ra bitartean Donostian «Circo de los horrores» ikuskizuna eskaintzen ari den bitartean, Alacanten «Manicomio de los horrores» ikuskizuna ikus daiteke.

Pertsonaiak berdinak dira bi ikuskizunetan, baina, bigarrenean, zoroetxe bat da agertokia eta Nosferatu banpiro bat izan beharrean zoro bat da. Lehenengo ikuskizunarekin izandako arrakasta ikusirik, bigarrena prestatzea erabaki zuen Suso Silva konpainiako zuzendariak. Bigarren ikuskizuna ere sekulako arrakasta izaten ari da eta hala izaten jarraitzea espero dute, BEZaren igoerari jaramonik ez diotelako egin eta prezioak mantendu dituztelako. «Inguruan dugun egoerak jada ematen du nahikoa beldur...», bota zuen Golmayok Nosferaturen rola bereganatuta.

Golmayok azaldu zigunez, bere pertsonaia jatorriz Suso Silvak interpretatzen zuen, baina, konpainiako kideak bi ikuskizunetan banatzean, Silva zoroetxera pasa zen Nosferaturen papera jokatzeko. Konpainiaren zuzendariarena izan zen zirkua beldurrezko estetikarekin batzearen ideia. Bizitza osoan Europako zirku ospetsuetan pantomima egiten eman ostean -Zirkuko Sari Nazionala eskuratu zuen 2003an-, «Psicosis» espektakulua asmatu zuen. «Zirkuari aire berri bat eman zion -dio Donostiako Nosferatuk-. Betiko zirkuak aurrera egin behar du, noski, baina gurea tematikoa da, desberdina, betiko zirkutik aldentzea beharrezkoa zen erakargarriagoa egiteko».

Ordu erdi igarota, pertsona normalak izatetik edonoren amesgaiztoetan agertzeko moduko pertsonaia bilakatu ziren gure lagunak. Yoyes umetxo txikia begira-begira zuten kamerinoan, barrez. «Gure haurrek ez digute beldurrik, beti ezagutu gaituzte honela eta badakite bera Grimo Javier dela eta ni Enric. Noizbait aita banaiz nire seme-alabek txikitatik ikusiko dituzte beldurrezko filmak», esan zuen Nosferatuk letaginak jantzi baino lehen. Izan ere, Sara goxoaren pertsonaia egiten duena Suso Silvaren alaba da; jaio zenetik zirkuko bizitza ezagutu ostean, berari ere konpainian sartzeko grina sortu zitzaion azkenean.

Emanaldia hasteko gutxi falta zen eta azken uneko beroketak egiten utzi genituen. Minutu gutxi barru aurkituko genituen Grimo eta Nosferatu. Askoz beldurgarriagoak eta bortitzagoak ziren eta maskarra izugarri horien atzean Javier Trave eta Enric Golmayo zeudela jakinagatik, garrasiren bat botatzea ekidinezina suertatu zitzaigun. «Zirkua hilda dago, goazen hilobitik ateratzera!», esan zuen Nosferatuk. Ikuskizuna hastear zen.

(hurrengo orrialdean jarraitzen du)

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo