GARA > Idatzia > Ekonomia

Hezkuntza publikoak jasango duen «erasoa» salatu du STEE-EILASek

Hezkuntza arloan egiten ari diren murrizketen ondorioz, irakaskuntzaren kalitateak kalte esanguratsuak jasango dituela salatu du sindikatuak, besteak beste ikasgelako ratioa handiten ari direla eta irakasleen lan karga nabarmen areagotzen ari dela ohartarazi du.

p026_f01.jpg

GARA |

Ikasturte hasierarekin batera, bere kezka azaleratu nahi izan du STEE-EILAS sindikatuak, hezkuntza arloan egiten ari diren murrizketen harira. Ohar baten bidez adierazi duenez, Madrilgo eta Gasteizko gobernuek ezarritako azken neurriek ondorio latzak izango dituzte bai irakasleen artean, bai ikasleengan. Era berean, familiek ere beren egoera ekonomikoan kaltea nabarituko dutela ohartarazten du.

Sindikatuak dioenez, Gobernu espainolak hartutako erabakien ondorioz, «eskolarekin lotutako gastuak gogor astindu du familien ekonomia». Eskola materialaren garestitzeari, jantokietako kuoten gorakada gehitu behar zaio, eta horrek etxeko ekonomia are gehiago estutzen du.

Irakaskuntza publikoak jasango duen «erasoa» ere nabarmentzen du: murrizketen ondorioz, eskola publikoak behar baino baliabide gutxiago izango ditu, langileen eta ikasleen artean kalteak eraginez.

Alde horretatik, zenbait adibide ematen ditu. Esaterako, ikasle kopuruaren hazkundeari ez zaiola behar bezalako erantzuna emango. Sindikatuak aipatutako datuen arabera, matrikulen gorakadari aurre egiteko 300 irakasle inguru beharko lirateke, baina Hezkuntza Sailak ez ditu jarriko: «Hori estali nahian, ratioen igoera aplikatzen ari da de facto». Zehazki, ratio horiek osatzean, ikasle kopurua %10 gehitzen ari direla salatzen du.

Celaaren promesak

Egoera honen aurrean, Isabel Celaa Hezkuntza sailburuaren jarrera gaitzetsi du: Madrilgo Gobernuak inposatutako neurriak ez dituela aplikatuko esaten ari bada ere, 2010. urtean berak bide beretik hartutako neurriak aplikatzen hasi zen.

Neurri horiek hezkuntzaren kalitatea kaltetzen dutela salatu du. Besteak beste, aniztasuna eta berdintasuna sustatzeko hainbat egitasmotan murrizketak egin dituztela, eta horrek «diskriminazioa areagotzea» ekar lezakeela ohartarazi dute.

Bestalde, enplegu publikoa «suntsitzen» ari diren heinean, irakasleen lan karga areagotzen ari direla azaldu zuen. Horiek horrela, dei egin zion Lakuako Gobernuari, «egia erdiak» utzi eta argi hitz dezan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo