Xabier Makazaga Estatu Terrorismoaren ikertzailea
Indarkeriaz eta indargintzaz
Bada, euskarak aukera ezin hobea eskaintzen digulakoan nago indarkeriaren gaia inguruko hizkuntzetan baino hobeto jorratzeko. Eta aprobetxatu beharra daukagu, orain arte ez baitugu eginGernikako Akordioak dio, gai politikoak konpontzeko, soilik indarkeriarik gabeko bitartekoak erabili beharko liratekeela. Bada, abstentzioaren alde dauden gutxi batzuek behin eta berriro goraipatzen duten lan baten arabera, Iparla, hori esatea «hitz-jario hutsa da, formalki zentzugabea, erreakzionarioa, engainagarria...». Hori diogunok irentsi egin omen dugu «berariaz, atseginez, osorik, gordinik eta zuritu gabe «demokrazia ez-biolentoaren» patata ustel ideologikoa, eta herriaren zati handi bati irentsarazi». Izan ere, indarkeria baztertu behar dela esateak «indarkeriaren monopolioa estaltzeko eta ideologikoki indartzeko» besterik ez omen du balio.
«Bide instituzional demokratiko eta ez-biolentoa hautatuz», gure egin omen ditugu «okupazio erregimenaren suposizio estrategiko eta printzipio ideologikoak», eta horren arrazoia gure «gaitasun eza, ergelkeria, korporatismoa, burokratismo dedokratikoa, exhibizionismoa, handinahi zikoitz eta deliranteak, ustelkeria, oportunismoa, kolaborazionismoa, konplizitatea eta traizioa» omen dira.
«Oportunista-instituzionalista armadun eta armagabeak» omen ginen estrategia politiko-militarra aurrera eraman dugunean, tortura, kartzela, deserria... gogotik pairatuz, eta orain, estrategia hori alde batera utzi dugunean, «oportunismotik kolaboraziora, konplizitatera eta traiziora» pasatu omen gara. Halakoak jaurtitzen dituzten horiek bat etorri izan dira beti PP, PSOE eta PNVrekin ETAren borroka armatua hutsegite humano, estrategiko eta politikoa zela aldarrikatzeko orduan. Batzuek eta besteek hortik oso ondorio ezberdinak atera dituzte, ordea. Partiduek, iraganean erabilitako indarkeria ez zilegi ez eraginkor izan zela onartzea exijitzen digute. Beste horiek, berriz, indarkeria erabiltzeari uko egin izana da aurpegiratzen digutena; eta nola! Indarraren erabilerarik gabeko konfrontazio demokratikoa proposatzen dugula ere aurpegiratzen digute, gainera, esanez «soilik elkarrizketaren bitartez» egin nahi dugula aurrera. Gezur galanta! Oso argi baitugu indarra erabiltzeari uko egitea guztiz suizida dela. Indargintzarik gabe, edozein herri hiltzera kondenatuta dagoela.
Inguruko hizkuntzetan hitz bakarra dago indarkeria eta bere sinonimo guztiak (gogorkeria, bortxa, bortizkeria...) hartzen dituena: violencia, violence. Indargintza, berriz, indarraren erabilera mota oro da (batzuk indar- keriazkoak; beste asko, ez) eta «empleo de la fuerza» gisa itzuli behar, ezin hitz bakar batekin adierazi. Bada, euskarak aukera ezin hobea eskaintzen digulakoan nago indarkeriaren gaia inguruko hizkuntzetan baino hobeto jorratzeko. Eta aprobetxatu beharra daukagu, orain arte ez baitugu egin. «Indargintza» hitzak Googlen 44 sarrera besterik ez izatea lekuko. «Indarkeria»k, berriz, 1.100.000 sarrera ditu. «Indargintza» bakoitzeko, 25.000 «indarkeria», alajaina!
Karlos Santamariaren pentsamendua azalduz, Joxe Azurmendik ederki bereizi zituen biak: «Indargintza, naturan bezalaxe, giza harremanetan ere zuzen asko eman daiteke eta guztiz positiboa izan. Bortxa, ostera, kidearen pertsonatasuna aintzat hartzen ez duen indargintza da, indarkeria». Indarkeriak eta bere sinonimo guztiek zentzu ezkorra dute, «keria» atzizkiak argi uzten duen bezala, indarraren erabilera makurrarena. Herri bat askatzeko ezinbesteko diren hainbat indargintza motak, ordea, zentzu baikor askoa; adibidez, desobedientzia zibilak.
Gernikako Akordioko sinatzaileek indarkeriarik gabeko indargintzaz baliatzea proposatzen dute; tartean, jakina, desobedientzia zibilaz. Seguru baitaude hala lor dezakegula «lehenik estatuen immobilismoa gainditzea eta gerora gure helburuak erdiestea», Arnaldo Otegik zioen bezala. Erabil genezakeen indarkeria gaur egun ez da eraginkorra, besteak beste, teknikaren bilakaera beldurgarriagatik. Estatuak erabiltzen duena bai, zoritxarrez, eta horregatik ekiten dio bere beharra eta zilegitasuna aldarrikatzeari. Gogotik ekin ere! Horrenbestez, egin zitekeen hauturik egokiena egin dugulakoan nago, indarkeriari uko egitea, denek beste horrenbeste egin dezaten exijituz. Hori baita gaur egun eraginkorrena.
Aipatu abstentziozale gutxi horiek, haatik, indarkeriaren beharra azpimarratzen dabiltza, Estatuaren kontrako indarkeriaren apologia garbia eginez haren jazarpenik batere jasan gabe. Hori, iraganean ETAk erabilitako indarkeria gogor kritikatu ondoren, indarkeria hura ez zilegi ez eraginkorra izan zela onartzera behartu nahi gaituzten horiekin batera.
Azken horiek diote hori onartzen ez dugun bitartean beti egongo dela arriskua batzuek berriro ere borroka armatuari ekiteko, ederki ezkutatuz arrisku horri bidea ematen ari direnak beraietako batzuk direla. Bide baketsuak erabiliz ezer lortuko ez dugula azpimarratzeari ekin dioten horiek, hain zuzen.
Horientzat, eta indarkeriaren gaian beti Estatuaren alde egiten duten guztientzat, gure nortasun agirian gure borondatearen kontra espainolak garela esatea ez da indarkeria, Euskal Herrian euskara hirugarren mailako hizkuntza izatea ez da indarkeria, ordainarazten dizkiguten zergen erabilpena (gure kontrako armada, polizia...) ez da indarkeria...
Horren aurrean, ene ustez, hau egin beharko genuke: borroka ideologikoaren bidez, Estatu indarkeriak dituen milaka aurpegi horiek erakutsi eta salatu.
Eta aldi berean indarkeria horri aurre egiteko erabiltzen ditugun indargintza motak inolaz ere indarkeriakoak ez direla erakutsi, horien beharra eta eraginkortasuna goraipatuz.
Bereziki, desobedientzia zibila, Estatua kriminalizatzen saiatuko baita indargintza mota horren hainbat aldaera, indarkeriazkoak direla esanez. Hitz egin eta eztabaida dezagun horri buruz. Zein desobedientzia mota hobetsi? Zer eta nola egin ahalik lasterren prest egon gaitezen lege arrotzak betetzeari uko egiteko era masibo eta eraginkorrez?
Hamaika gauza daude zehaztekoak denok batera apustu horri ekin, eutsi eta irabazteko. Zehaztu ditzagun, bada.