GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Kontu txiki baina nekagarriak

Esperanza Aguirre joan da. Baina ez Santiago Carrilloren bidetik, jakina, eta argi gera dadila nik ez diodala gaitzik opa, berak arkitektoentzat heriotza zigorra ezarriko lukeen arren (bide batez, harako txistearen aldaera iradokiz: «Immigranteak eta arkitektoak hil egin beharko lituzkete», dio morroi batek, eta beste batek: «arkitektoak, zergatik?»). Joan da eta ez dago, nik behinik behin ez dut, batere argi zergatik.

Rajoyk edo Guindosek edo Montorok edo Troikak zergak igo dituztelako? Diru-laguntzak (geratzen direnak) eta gisako «pagotxak» kendu ez dituztelako? Akaso Justizia ministroak -«putasemeak», Aguirrek esaten dionez- ez duelako arkitektoentzako heriotza zigorra ezarri? «Terroristentzat» -eurek esaten dutenez- betiko kartzela-zigorra ezartzeko proposamena aurkeztu beharrean «espetxealdi iraunkor berrikusgarria» ezartzekoa baino aurkeztu ez duelako? Ala «Bolinaga» -eurek esaten diotenez- heriotzaren bezpera arte kartzelan atxiki ez dutelako?

Joan da Esperanza. Zorionez, oraindik beste esperantza asko dituzte milioika espainiarrek eta Mendebaldeko Erreserba Espiritualaren zaindariek. Gelditzen direnek ez dute haren eskarmentua, ez maila ezta klasea ere, jakina, baina maila egin egiten da. Klasea ere bai; hala ere, ez iezaiozu Aguirre kondesa eta Espainiako Handiari horrelakorik esan, Antonio Maria Rouco Varela xaxatuko dizu eta; beraz, errotarria irentsi eta onartuko dugu klasea jaiotzetikoa dela, Jainkoak emana, alegia. Hartara, esan bezala, bada esperantzarik, hala nola Andrea Izorrai Fabra, aitaren eta haren aurreko arbasoen ezpalekoa dela ezin uka daitekeena.

Baina ez dira gure itxaropena, hain justu. Hauen guztien gainekoak, ordea, kontu txikiak, arinak dira. Dena dela, egia da, hala berean, kontu potoloak alde bat utzita ere, mendeen joanean horrelako kontuak astunak, nekagarriak bihurtu direla.

Eta horrelako jendilajearekin indarrak batu eta «ameskeriei» jarrai ez diezaiegula eskatzeko potro santuak al ditu berorren Maiestate Txit Gorenorrek?

Isilduko ahal da!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo