GARA > Idatzia > Kultura

Arrasateko Kooltur Ostegunei ongietorria emateko, jaialdi berezia

Kooltur Ekintzak elkarteak hirugarren urtez antolatzen dituen Kooltur Ostegunei ekiteko, Kooltur Asteburua antolatu du bihar eta etzirako. Ostiralean Nuevo Catecismo Catolico eta Lobo Electrico izango dira Arrasateko gaztetxean, eta larunbatean, Iheskide eta McOnak.

p048_f02_97x164.jpg

Ane ARRUTI | BILBO

Maritxu Kajoi bezperan, urriaren 4an ekingo diete Arrasaten aurtengo Kooltur Ostegunei. Lisabö irundarrek zabalduko dute ikasturtea, baina aurretik, maiatza bitartean egingo diren kontzertu sorta honi hasiera emateko, bi eguneko jaia prestatu du Kultur Ekintzak elkarteak.

Donostiako Nuevo Catecismo Catolico talde beteranoak zabalduko du bihar jaialdia, bere ohiko doinu gogorrekin eta Lobo Electrico tolosarrek jarraituko dute. «Santi Iribar showmana lemazain duen barku pirata da, uneoro zein norabide hartuko duen jakiterik ez dagoena», deskribatu zuten Kooltur Ekintzako kideek.

Larunbatean, berriz, Elorrioko Iheskide taldeak «...irabazi arte!» bere azken diskoa aurkeztuko du, eta ondoren Lekeitiotik iritsitako McOnak talde berria izango da taula gainean, «Fiachras taldearen eskolan hazitakoa dirudien taldea. Punk-rocka gustuko badute ere, folk taberneroa eta countrya ere lantzen dituzte, saxo eta txirularekin lagunduta», aurreratu zuten.

Kontzertuak 22.00etan hasiko dira, «puntual, beti bezala», abisatu zuen Iker Barandiaranek, Kooltur Ekintzak elkarteko kideak, eta honetan ere bost euroan izango da sarrera.

Soinu ekipoa ordaintzen

Aurtengoa hirugarren urtea izango du Kooltur Ostegunak ekimenak. Arrasateko Gaztetxe Asanbladak (AGAKO) eta Kooltur Ekintzak taldeak soinu ekipo bat erosteko beharra ikusi zuten euren kontzertu eta ekitaldiak aurrera eramateko eta ordaintze lanetan ari dira oraindik. Horretarako dirua biltzeko asmoz hasi ziren kontzertuekin: «Funtzionamendua beti berdina da. Sarrerak bost euro balio ditu, izan talde sonatua edo ezezaguna, eta sarrerako dirua taldearentzat izaten da. Gure diru iturria barran lortzen duguna da», azaldu zuen Barandiaranek.

Lehenengo ikasturtea Garirekin zabaldu zuten, bigarrengoa Atom Rhumbarekin eta aurtengoa Lisabörekin. «Kalitatea eta barietatea bilatzen ditugu. Izan dugu rocka, flamenkoa, jazza, hip-hopa, funkya, pop-rocka, antzerkia ere bai... Eta egia da lortu dugula gaztetxera jende mota oso ezberdina joatea, bestela agian sekula joango ez litzatekeena». Iazko ikasturtean, kontzertu bakoitzean 90 pertsona bildu zituzten batez beste eta «pintxo-potearekin egokitzen denez, giro polita sortzen da herrian».

Urriko programazioa dagoeneko lotuta daukate. Esan bezala, Lisabö taldea izango da hilaren 4an, «Animalia lotsatuen putzua» lana aurkezten ari da talde irundarra. Ondoren honakoak etorriko dira: hilaren 11n, «Berriketan» ikuskizuna izango da, flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituena, La Pulga, Raquel Cabello eta Simon Morenorekin; 18an, Bartards on Parade taldea iritsiko da Galiziatik bere punk zeltarrarekin; eta 25ean, Bonberenean diskoa grabatu berri duen Glaukomaren reggae doinuak izango dira.

Datozen hiletarako, hainbat izen ere aurreratu dituzte: larunbatean Zinemaldian aurkeztuko den «Zuloak» dokumentaleko protagonistak batetik, Krissy Matthews eskandinaviarra bestetik, eta baita Mursego biolontxelo jotzailea ere.

PIXKANAKA

Kontzertuetarako sarrerak bost euro balio ditu eta takilan lortutako dirua taldearentzat izaten da. Barran lortutakoarekin ari dira Arrasateko Gaztetxeko Asanblada eta Kooltur Ekintzak elkartea bien artean erosi zuten soinu ekipoa ordaintzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo