Luis Villasanteren liburu eta artikuluak digitalizatu ditu Euskaltzaindiak
A. ARRUTI | BILBO
1970 eta 1988ra bitartean euskaltzainburua izan zen Luis Villasanteren 929 idazlan sistematizatu eta digitalizatu ditu Euskaltzaindiak eta edonoren eskura jarri ditu bere web orrialdean. Joan Mari Torrealdaik zuzendutako «Jakin» aldizkariko lan taldeak burutu du lau urtetako lana, Euskaltzaindiak, Arantzazuko Frantziskotarrek eta Bizkaiko Diputazioak sinatutako hitzarmenari esker.
Andres Urrutia egungo euskaltzainburuak Villasanteren figura «giltza, klabea, gakoa» izan dela azpimarratu zuen, «jakin izan zuelako orduko gizartearen eskaeren arabera Euskaltzaindia atontzen». Villasante Gernikako Errenteria auzoan jaio zen 1920an eta Arantzazun hil zen duela hamabi urte. Frantziskotar honek erlijio gaiak eta euskara landu zituen, 1944an idazten hasi eta 2000. urteraino. Iñaki Beristain Arantzazuko Frantziskotarren Probintziako ordezkariak atzo adierazi zuenez, «hamabi urte dira gure bistatik ezkutatu zela, baina oraindik bizirik sentitzen dugu, anaia sentitzen dugu. Inurri lana izan zen berak egin zuena eta baita sator lana ere, isilean egina baina azaleko lurrak harrotzeko modukoa».
Villasanteren lana lau multzo nagusitan banatu dute: liburu osoak (41), liburu zatiak (106), artikuluak (769, horietatik %78 euskaraz idatziak) eta edizio bereziak. Hauek, aldi berean, hiru motatan sailkatu dituzte Villasanteren lanak: eskuizkribuak (315 dokumentu), gutunak (523) eta argazkiak (217).
Torrealdaik eskerrak eman zizkien senitartekoei dokumentu pribatu asko eskaintzeagatik. Dokumentu guztiak PDF formatuan eskuratu daitezke, bi bertsiotan: paperezko argazki leiala den «dokumentua» izenekoa eta «testu zuzendua», txukuntze eta maketatze lan batekin.