GARA > Idatzia > Euskal Herria

Maila handiko bi autobus linea berri, Angelu, Biarritz eta Baiona lotzeko

Baiona, Bidarte, Biarritz, Angelu eta Bokale batzen dituen Euskal Kosta-Aturri Aglomerazio Elkargoak hiriguneen mugikortasun plana abian jarri du. Hainbat proiektu aurreikusiak dira garraioa hobetzeko, besteak beste, kalitate handiko bi autobus bide berriren sorrera.

p014_f01.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Mugikortasunean izandako gibelatzea gainditu nahi du Euskal Kosta-Aturri Aglomerazioak, eta horretarako, garraio forma guztiak aintzat hartzen dituen Hiriguneen Mugikortasun Plana finkatu du. Bertan datozen bost urteetan, bereziki Baiona, Angelu eta Biarritz artean, mugikortasuna hobetzeko indarrean jarriko diren egitasmoak biltzen dira.

Damien Duhamel garraio sindikatuko zuzendariak hiri-aglomerazioan autoek nagusitasuna zeukatela gogorarazi zuen eta, egoera hori kontuan hartuz, «beste garraio moldeekin hiriaren antolaketan oreka berri bat sortu beharra» dagoela esan zuen.

Plan horretan, Baiona, Angelu eta Biarritzeko bideen egituraketan aldaketa nabarmenak ekarriko dituen bi autobus bide berriren sorrera izango dira egitasmo nagusiak.

A1 eta B izena duten bi linea horiek iparra eta hegoa eta ekialde eta mendebaldea lotuko dituzte, «maila handiko zerbitzuzko» autobusen bitartez. Bakoitzak 30 bat geraleku izanen ditu eta 23 kilometroko ibilbidea.

2016rako lanak amaituak

«Bi bide horiek gure hirien irudia azkarki aldatuko dute. Autoak, oinezkoak, bizikletak eta autobus bide berri hori kale beretik pasarazteko ikerketak egingo dira», argitu zuen Jean Grenet auzapez eta aglomerazioko buruak. Goizeko seietatik gauerdira arte ibiliko diren autobus horiek hamar minutuko ko maiztasuna izango dute. «Hasieran tranway bat jartzea pentsatu genuen, baina, ezinezkoa iruditu zaigu. Ondorioz, kalitate handiko autobusak aukeratu ditugu. Bat elektrikoa izango da, eta bestea, berriz, hibridoa», gaineratu zuten. Obrak 2013 bukaeran hasi eta 2016an bukatu beharko lituzkete.

Hiriguneen mugikortasun planak, orokorkiago, ibilbide guztiak kontuan hartzen dituen proiektuak ikertu edo bidean jarri nahi ditu. Auto partekatuak, bizikleta sarearen garapena, ibai nabetak martxan jartzeko ikerketa, parkingen finkapena eta merkantziak garraiatzeko abiatu beharreko sistema lantzea dira, besteak beste, plangintza horretan aipatuak direnak. «Plan horri esker, garraio arloan, hartu dugun gibelatze kaltegarriari aurre egitea lortuko dugu», adierazi zuen berriz auzapezak.

Bizikletei dagokienez, gaur egun dagoen nahasmena berrantolatu nahi dutela esan zuten.

Adostasun faseak

Azpiegitura proiektua gauzatu aurretik herritarrekin plana adosteko faseak abiatuko dituzte. Horretarako, zazpi bilera egingo dituzte. Lehenengoa gaur izango da Angelun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo