Zazpi film laburrek osatzen dute Kimuak 2012 katalogoa
Euskadiko Filmategiak munduan zehar bira egingo duten filmen katalogoa aurkeztu zuen atzo. Lan hauek publikoari gerturatzea oso garrantzitsua da euskal kulturarentzat eta, hori dela-eta, Zinemaldian lehenengo emanaldia eskaini ostean, bi urteko ibilbidea hasiko dute.Nagore BELASTEGI | DONOSTIA
Euskadiko Filmategiak aurtengo Kimuak film laburren katalogoa aurkeztu zuen atzo Donostian. Bertan izan ziren Joxean Fernandez, Filmategiaren zuzendaria, Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria, eta Txema Muñoz, Kimuak egitasmoaren arduraduna.
Azken honek azaldu zuen 2010eko Kimuak katalogoko lanek amaitu dutela mundu mailako ibilbidea eta 15 urteren bueltan lortutako bigarren emaitzarik onenak -2005. edizioaren atzetik- lortu dituela, arrakasta handia izan duelako. 2011ko Kimuaki oraindik urtebete falta zaio. Hau emaitza apalagoak izaten ari da, baina «hori ez da film txarrak direlako, baizik eta krisia dela-eta jaialdi asko desagertu direlako eta, film laburra modan dagoenez, lehia handia dagoelako».
Aurkeztu berri den katalogoak zazpi film labur biltzen ditu eta Zinemaldiko Zinemira saileko emanaldi esklusibo baten baitan hasiko du bere ibilbidea. Aurreko urteetan baino bi film gutxiago badaude ere, askotarikoak dira eta hizkuntza anitzetan egindakoak.
Hala, «Agua» (Mikel Rueda) eta «Casa Vacía» (Jesus Mª Palacios) gaztelaniaz dira. Lehena gaur egungo hezkuntzaren inguruko gogoeta bat da; bigarrenak, ordea, Jorge Oteiza eta Nestor Basterretxea bizi izandako abandonatutako etxea erakusten digu.
«Bajo la almohada» filmak (Isabel Herguera) gaztelaniaz eta ingelesez egina dago eta erietxe batean dauden haurrek egindako marrazkiekin osatutako animaziozko dokumental bat da. «Beerbug» (Ander Mendia) ere animaziozkoa da, baina umorezkoa. Joe protagonistari garagardoak lapurtzen dizkio norbaitek eta berari ez dio graziarik egiten. «Monsters do not exist» filmean Kanbodiako haurrek bizi duten egoera salatzeko fantasiara jotzen du Paul Urkijo zuzendariak. Gainerako bi lanak «Deus et Machina» (Koldo Almandoz), euskaraz egindakoa, eta «Voice over» (Martin Rosete), frantsesezkoa dira.
Goenagak adierazi zuen egitasmoa oso garrantzitsua dela euskal kultura bultzatzeko eta «harro sentitzeko erakusleiho bat» dela. Izan ere, Etxepare Institutua joaten den toki gehienetara eramaten dute Kimuak arloa. Bestalde, azaldu zuen aurten aldaketak daudela krisi ekonomikoaren ondorioz. Katalogoaren karpeta txikiagoa da, eta horrek produkzio zein banatze kostuak murriztu ditu. Era berean, orain arte katalogoarekin banatzen zen dokumentazioa Interneten eskegiko dute aurreko urteetako laburrekin batera.
Aurtengoak ezin dituzte irekian eskaini, Muñozen hitzetan, zenbait jaialditan ezin izango luketelako parte hartu bestela, eta murrizketa ekonomikoak gorabehera, aurreko urteetako mailari eustea dutelako xede.
Datorren astetik aurrera www.kimuak.net webgunean eskegiko dute aurtengo katalogoan agertzen diren filmen gaineko dokumentazioa. Aurreko urteko labur gehienak ere bertan daude
Zineuskadi elkarteak Zinemaldian aurkeztuko diren bost pelikula hartu eta euskaratu egingo ditu bere denboraldiari hasiera emateko. Film horiek «Zinema Euskaraz» deituriko programaren baitan aurkeztuko dira laster. Programaren helburua herritarrei zinema euskaraz kontsumitzeko aukera gerturatzea da. Honela, eskaintza oparoa bermatzeaz gain, euskararen erabilpena gizartean eta kulturan zabaldu nahi dute. Euskaratuko dituzten filmak «The hipnotise», «To say goddbye», «Pura vida», «Comme un chef» eta «Freddy Igeldegi» dira.
«The hipnotise» Sail Ofizialean eskainiko dute. Lasse Hallström zuzendari suediarrak Lars Keplerren nobelaren moldaketa egin du film honetan.
«Pura vida» eta «To say goodbye» euskal zinemari eskainitako Zinemira sailaren programazioan daude eta 2013 hasieran iritsiko dira euskal zinema aretoetara.
«Comme un chef» sukaldaritza eta umorea batzen ditu eta Jean Reno, Michael Youn eta Santiago Segura aktoreak ditu protagonista. «Freddy Igeldegi», berriz, haurrei eskainitako ataleko animaziozko Danimarkako pelikula da. GARA