GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Ausentziak

 

Hortxe dauzkagu, berriro ere, islamistak kaleak erretzen. Ez dira txantxetan ibiltzen, sumintzen direnean. Jo eta su. Kaleak piztu, enbaxadorea beste auzunera bidali, eta kontuz gero, hau ez baita amaitu. Mendebaldarrak harritu egiten gara guztiok. Liberaltasuna azal zuloetatik ateratzen zaigu, izerdia bezala. Isuri egiten dugu askatasun zaletasuna, kasik nahi gabe. Baina orain Donostiako Zinemaldia hasiko da, «Barrura begiratzeko leihoak» ez da proiektatuko eta hemen ez du inork bere askatasun zaletasuna kalera ateratzen: Non dira adierazpen askatasun sainduaren zaindariak? Ez dira inon ageri.

«Barrura begiratzeko leihoak» film historikoa da, eta denborak hala aitortuko dio, presoen gaia gure politikan hil ala biziko gaia baita. Zer dira presoak? Guretzat zerbait sakratua, zerbait mingarria. Espainiarrentzat, aldiz, zerbait lasaigarria, euren erresistentziaren eta sufrikarioaren infrentzua. Sufriarazi gaituzte, esaten dute, baina orain geure eskuetan daude. ETA mamu bat da, lurruna. Edo itzal bat. Baina presoak hor daude, identifikatuta dauzkate eta, beraz, estatuak ETAri ordainarazitako prezioa ikusgarri eta tangible bilakatzen dute.

Gutako askok, etxetik joaten ikusi genituen, motxila txiki bat hartuta, hunkituta eta izututa. Geure geografiaren zati ezinbestekoa ziren. Eta orain geure bizitzan zulo handia dira. Herren betiereko bat. Baina estatuaren atzaparretan eroriz geroztik, preso soil dira. Ez izen eta ez nortasun. Estatuaren mina kuantifikatzeko masa hutsa. Horregatik, presoei preso izan aurretiko nortasuna itzultzea borroka ideologikoaren epizentro bilakatzen da. Estatuaren eta euskal erresistentziaren artean dagoen borroka gogorrena, sutsuena da. Horregatik ez da Zinemaldian egongo. Ez garrantzitsua ez delako, garrantzitsuegia delako baizik.