GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

«Seguru nago igandean jokatuko dugun apustua segako saioan erabakiko dela»

p040_f01.jpg

Jexuxmari Ormaetxea

Segalaria

Jexuxmari Ormeatxea Alkortaren aurka neurtuko da igande eguerdian Zizurkilgo Zaldu belardian. Hasteko, bosna kilometro egin beharko dituzte korrika, eta hori amaitutakoan ordu eta erdi bete bitarte segan aritu beharko dute, eta amaieran belar kilorik gehien ebakitzen duen segalariak irabaziko du. Orendaingoak bere bigarren apustua izango du, nahiz eta aurrekoa aizkoran jokatu zuen.

Jon LEUNDA

O rmaetxea prest dago igande eguerdian Alkortaren aurka neurtzeko. Orendaingoa da egungo Euskal Herriko txapelduna, eta hori kasualitatea ez zela izan erakusten saiatuko da Zizurkilgo Zaldu belardiko neurketan.

Nola zaude apustuaren atarian?

Ongi, jadanik apustua jokatzeko prest. Azkeneko egun hauek luze egiten dira, eta eguna iristeko gogoz. Txapelketek ez duten beste ardura bat izaten dute apustuek, eta hori aurretik ere nabaritzen da. Txapelketak ere garrantzitsuak dira, baina nik apustuei oraindik eta garrantzi gehiago ematen diet.

Zuk bigarren apustua jokatuko duzu igandean. Segalaria izan arren, orain arteko apustu bakarra aizkoran egin duzu. Nolatan izan zen desafio hura?

Egia da. Bizitza guztia segan, eta egin dudan apustu bakarra aizkoran. Egurra ekarri zidaten aizkora probatu ahal izateko, eta horrela hasi nintzen. Enteratu nintzen Asteasun ere bazegoela besteren bat apustua jokatuko lukeena, eta horrelaxe lehiatu ginen, bientzat ere gauza berria izan zen hura.

Apustu hartako nolako oroitzapenak gordetzen dituzu?

Irabazi egin nuen, eta irabazitakoan beti oroitzapen onak izaten dira. Hala ere, Alkizaletek ez zituen lanak amaitu, eta horrek pena ematen dizu. Beti nahi izaten da irabaztea, baina baita bestea ere ongi ikustea.

Alkorta eta zu segalariak izanda, nolatan sartu duzue tartean korrika saioa?

Bueno, berak horrela nahi zuelako. Hasieran, gainera, zortzi kilometro nahi zituen, eta azkenean bostean utzi dugu. Pentsatzen dut berak segan ni baino gutxiago dela pentsatuko duela, eta korrika aldea aterako didala. Dena dela, ikusi zen Euskal Herriko finalean bion artean segan ez zegoela alde handirik.

Ba al dago korrika topera ateratzerik, gero ordubetetik gora segan egin behar duzuela jakinda?

Hori da bestea. Korrikako lana bakarrik izan balitz, topera aterako ginen, baina gero jakinda ordubete baino gehiago segan egin behar dugula, korrika ezin zara daukazun guztia ematera atera, bestela gero segan hasitakoan ordaina iritsiko baita.

Segan erabakiko al da apustua?

Nik uste dut baietz. Bost kilometrotan alde handiak ateratzea zaila da, bai batentzat edo bai bestearentzat. Uste dut, gainera, biok ez garela primerako korrikalariak izango, eta sega izango dela erabakiko duena.

Euskal Herriko finalean burua hotz mantentzen badakizula erakutsi zenuen. Igandean ere hori garrantzitsua izango da ezta?

Bai. Ez da erraza izaten sailetan azkena joan eta lanean aritzea, baina kiloetan badakizu garrantzitsuena kilorik gehien ebakitzea dela. Ikusten nuen ni belarra ongi ari nintzela ebakitzen, eta animo horrekin aurrera egin nuen. Dena dela, uste dut orduan baino puntu bat gorago nagoela orain. Orduan gaixotasun bat pasa berria nengoen, eta artean ez nuen neure burua ongiegi ikusten. Orain bai, uste dut askoz ere hobeto nagoela, nahiz eta hori igandean erakutsi beharko dudan. Alkortak ere lan ona egingo duela ez daukat inongo zalantzarik, eta ongi ibili beharko dut irabazi nahi badut.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo