GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Hauteskundeak, ikusle kopurua eta programazio berria ETBn

Hauteskunde kanpainari egingo zaion jarraipena, programazioaren berrikuntzak eta udako ikusle kopuruen datuak aurkeztu zituzten asteartean EITBko Administrazio Kontseiluaren bileran. Herritarrek lehendakarigaiei galderak egiteko aukera izango dute saio berezi batean.

p053_f01_149x73.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

EITBk datozen hauteskundeei egingo dien jarraipenaren berri eman du. Tartean «Euskadi Pregunta» saioa ere aurkeztu dute. Saio bakoitzean, 30 lagunek hainbat gairen inguruan (politika, ekonomia eta gizartea) galdetuko diete Iñigo Urkullu, Patxi Lopez, Antonio Basagoiti eta Laura Mintegi lehendakarigaiei hauteskunde kanpaina hasi aurretik. Irailaren 21ean izango da lehenengo saioa. Horrez gain, urriaren 5etik aurrera ETB-1, ETB-2, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria ariko dira kanpaina osoan, baita hauteskunde egunean bertan ere. Doako tarteez gain, hauteskundeen gaineko informazioa egunero albistegietako tarte berezietan sartuko da. Halaber, eztabaida eta elkarrizketak ere izango dira. Nobedade gisa, bi eztabaida saio emango dira telebista kate bakoitzean, baita irrati bakoitzean ere: lehenengo eztabaidan EAJ-PNV, PSE-EE,PP, EH Bildu, Ezker Batua eta UPyDko ordezkariek hartuko dute parte. Bigarrengoan, berriz, EAJ-PNV, PSE-EE, PP eta EH Bilduko ordezkariekin egingo da.

Hauteskunde gauean, saio bereziak emango dituzte, inkesta, botoen kalkulu eta behin betiko emaitzekin.

Hilabete honetako kontseiluan ikasturte berriko nobedadeak ere aletu dituzte. Eduki nagusien artean hauek: «DBH» telesail berria ETB-1en; abian den «El Conquistador del Aconcagua»ren hirugarren ekinaldia eta 30 urteen inguruko dokumental sorta, besteak beste. Horrez gain, «60 Minutos», «De Boca en Boca» eta «Cien x Cien» ere izango ditugu udazken honetan ETB-2n, eta «Kontuz, Atsuak!», «Bi eta Bat» eta «Mihiluze» ETB-1en. Eta, jakina, kirol eta albistegi programaziorik osotuena estreinatu berri da.

Gaur Egun eta Teleberriren hitzorduaz gainera, honako albiste eskaintza du ETBk. «Egun On Euskadi»k 08.30ean. Aurretik, gizarte eta kultura munduko gonbidatuen elkarrizketa izango da «Forum»en. Egunero izango da «Azpimarra» ere eta, astearteetan «Azpimarra +». Astean behin, nazioarteko berriak eta gaiak jorratuko ditu «Hora GMT»k.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo