GARA > Idatzia > Euskal Herria

Unaxek birikak eta bihotza ondo dituela diote medikuek, ebakuntza egin eta gero

Bostonen joan den astean ebakuntza egin zioten Unax Cañibanori, Leioako 8 urteko umeari, bihotzeko arazo larriak baitzituen, birika atresiaren ondorioz. Errehabilitazio egiteke, osasun ona duela diote medikuek.
p017_f02_149x105.jpg

Jon ADAN | BILBO

Leioako 8 urteko Unax Cañibanori bihotzeko ebakuntza egin zioten joan den astean Bostonen -AEBetan-, zehazki, arazo larriak eragiten zizkion birika atresiagatik. Atzo, Unaxen senideek agerraldia egin zuten Bilbon, lehenik eta behin, umearen egoeraren berri emateko: «Oso ondo joan zen ebakuntza, luzea izan zen, sei ordukoa, eta medikuen esanetan, bihotza zein birikak ezin hobeto ditu», adierazi zuen Ibon Garmendiak, Unaxen osabak. Hala ere, umeak hilabete inguru eman beharko du Bostoneko Childrens ospitalean, errehabilitazioan.

Bestalde, Unax umoretsu dagoela ere adierazi zigun bere osabak, «ebakuntzatik irten eta galdetu zuen lehenengo gauza Athleticen emaitza izan zen», esan zuen barre artean.

Halaber, Cañibanoren senideek eskerrak eman nahi izan zieten kazetari zein komunikabide guztiei, Unaxen egoeraren berri emateagatik, eta horren inguruan sortu den mugimendu solidarioa ahalbidetzeagatik, «azken batean, jendearen inplikazioari esker izan da posible hain zaila eta garestia izan den ebakuntza hau; mila esker denoi, bihotzez», esan zuen Unaxen osabak.

Horren harira, eta ebakuntza ordaintzeko beharrezkoak diren 200.000 euroak biltzeko asmoz, Unaxen aldeko kanpaina solidarioaren barruan egingo dituzten azken hiru ekintzen berri ere eman zuten senideek.

Bihartik aurrera Interneten, www. subasta.unaxdecorazon .org orrialdean, euskal gizarteko zein espainiar estatuko hainbat esparrutako pertsonaia famatuk Unaxen kasurako musu truk emandako objektuak enkantean jarriko dituzte, besteak beste, Fito abeslariak sinaturiko gitarra, Euskaltel taldeko 2011-2012ko bizikleta ofiziala, Athletic taldeko jokalarien hamar kamiseta inguru, Alberto Contador txirrindulariak Tourrean irabazitako maillot horia, edota Real Madril taldeko Cristiano Ronaldo izarraren kamiseta zein Eunate Agirre munduko body-board txapeldunaren taula ere.

«Objektu horiek guztiak hamabost bat egunez egongo dira enkantean Interneten. Hartara, ateratako dirua, Unaxen ebakuntza ordaintzera bideratuta egongo da», dio Ibon Garmendiak.

Afari eta festa solidarioak

Bestalde, urriaren 17an, Leioako Artaza jauregian Unaxen aldeko afari solidarioa egingo dute. «Urtero Leioako Udalak afari solidario bat antolatzeko ohitura du, eta aurten Unaxen fundazioaren omenez egitea erabaki dute», azaldu du Garmendiak. Martin Berasategi, Eneko Atxa, Fernando Canales eta Aitor Elizegi sukaldari famatuek hamasei pintxo prestatuko dituzte bertaratutakoentzat.

Azkenik, urriaren 27an, umeentzako eta familientzako festa ospatuko dute Leioako Txomin Aresti ikastetxean; besteak beste, txikientzako puzgarri eta tailerrak jarriko dituzte. «Ordurako Unax gurekin eta indarberrituta egotea espero eta desio dugu», dio Ibon Garmendia Unaxen osabak.

ESKERRAK BIHOTZEZ

Unaxen sendiak eskerrak eman zituen atzoko agerraldian: bai komunikabideei, Unaxen egoera ezagutzera emateagatik, bai umea laguntzeko ahaleginak egin dituen pertsona orori.

BESTE HIRU EKINTZA

Ebakuntza ordaintzeko dirua biltzeko asmoz beste hiru ekintza egingo dituzte: bihartik aurrera Interneten enkantean jarri pertsonaia famatuek emandako objektuak; eta urrian, aldiz, afari eta festa solidarioak, Leioan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo