Euskara eta teknologia berriak elkarrekin urriaren 19an
GARA |
«Euskarabildua, aukera berriak sarean» izenburupean urriaren 19an, 9.00etatik 14.00etara, Koldo Mitxelena kulturunean ospatuko den euskara eta teknologia berrien gaineko jardunaldia aurkeztu zuten atzo Donostian. Ekitaldia, «Argia» aldizkariak, Iametza Interaktiboa enpresak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Kutxak antolatu dute.
Xabier Letona, «Argia» aldizkariko zuzendariak azaldu zuenez, jardunaldi hauen helburua euskara eta teknologia berrien arteko erreferentziazko zita bilakatzea da, bezero zein bertaratutakoekin ezagutzak partekatzeko, kanpoko esperientziak ezagutzeko, eta abar. «Aurtengoan, teknologia berriek euskara bezalako hizkuntza baten erabilera sozialaren zabalkundean nola lagundu dezaketen aztertu nahi genuke», zehaztu zuen Letonak.
Elisabeth Pombo, Iametza Interaktiboa enpresako kudeatzaileak azaldu zuen, bestalde, euskaraz garatutako proiektu interesgarriak erakutsiko direla jardunaldian, «horretarako nazioartera ere begiratuko da, guretzat erreferentziazkoak izan daitezkeen egitasmo eta proiektuak ezagutzeko eta horietatik ikasteko aukera emanez», azaldu zuen.
Urriaren 19ko jardunaldian, gaian adituak diren hizlariak izango dira, besteak beste, Lander Arbelaitz «Argia»-ko erredaktoreburua eta Albert Cuesta kazetaria eta teknologia berrietan aditua. Halaber, ikus-entzunekoak ere proiektatuko dira.