eskalada Jarduera
«The end of silence» Barbara Zangerlentzat
Eskalatzaile austriarrak pasa den abuztuaren 1ean sinatu zuen 11 luze eta 8b+ zailtasuna duen bide hori. Lehen emakumezkoa da marra hori kateatzen duena, eta bederatzi egun behar izan ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Barbara Zangerlek argi asko erakutsi du zailtasun handiko paretetan ondo moldatzen dela. Eta horren guztiaren isla dira azken urteotan sinatu dituen goi mailako jarduerak: «Hotel Supramonte» (11 luze, 8b, Sardinia), «Super Ciril» (200 m, 8a/+), «Delicatessen» ( 150 m, 8b, Korsika)...
Bada, hormatzar horietan jasotako eskarmentua beste erronka batean jarri du indarrean. Beste koska bat bere ibilbidean; izan ere, abuztuaren 1ean «The end of silence» bidea (350 m, 8b+) kateatu zuen. Hori egiten lehen emakumezkoa izan da.
Thomas Huber alemaniarra izan zen marra hori igo zuen lehen eskalatzailea. 1994. urtea zen, eta ordutik goi mailako makina bat eskalatzaileren erronka izan da. Hori guztia gutxi ez-eta, aipatu behar da «The end of silence» trilogia berezi baten protagonistetako bat dela. Beste biak, berriz: «Silbergeier» (Beat Kammerlander, Ratikon) eta «Des Keisers neue Kleider» (Stefan Glowacz, Wilde Kaisergebirge). Hirurak ala hirurak 8b+ gradukoak.
Nahiz eta «Silbergeier» marra austriarraren xede nagusia izan, azkenean, hainbat lesio tarteko, «The end of silence» probatzea erabaki zuen. Bide hori gogorra izateaz gain, aipatu behar da zailtasunean oso iraunkorra dela. Bederatzigarren luzea gakoa da (8b+), baina bai aurretik bai atzetik beste korapilo zail batzuk ditu; 7b+ eta 8b artekoak.
9 egun
Zangerlek adierazi duenez, lehen luzeek ez zioten buruhausterik eman: «Seigarren luzean (7c+) dena eman behar izan nuen bilerara heltzeko. Beste bi gainditu ostean, murruaren goialdean dagoen tarte gogorrera iritsi nintzen».
Emanuel Falch sokakide izan zuen, eta haren animoek lagunduta austriarrak benetako «saltsari» ekin zion: «Zortzigarren luzea (8b) motza baina nahiko nahasia da. Ezustean, lehen ekinaldian gainditu nuen. Hurrengoa bidearen gakoa da: 8b+. Luze horretan bi aldiz erori ondoren, egun horretan kateatzeko itxaropen guztiak galdu nituen. Baina hirugarren saio bat egitea erabaki nuen. Gogor borrokatu ondoren, luze hori sinatzea lortu nuen. Uste dut buruak lan ederra egin zuela, besteak beste, fisikoki leher eginda bainengoen».
Beste bi luze aurretik (7c+ eta 7a+ zailtasunekoak), eta, ia arazorik gabe, Zangerlek «The end of silence» bidea osatu zuen. Hori lortzen lehen emakumezkoa izan da: «Inolako zalantzarik gabe, paretetan orain arte egin dudan eskalada aipagarriena izan da. Oso gogorra izan da, eta batez ere fisikoki txikituta amaitu dut. Burua, bederen, bere lekuan izan dut. `The end of silence' kateatzen lehen emakumezkoa izan naiz, eta hori lorpen handia da».
Barbara Zangerl «The end of silence» bidea (350 m, 8b+) kateatu duen lehen emakumezkoa izan da.
11 luze dituen marra hori igo ahal izateko, eskalatzaile austriarrak bederatzi egun behar izan ditu.