GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Gatz eta piper

Frantziako presidenteak hizkuntza gutxituen karta izenpetuko duela berretsi du, Alain Roussetek egindako galderaren ondoren

Azken egun hauetan gertakari asko izan ditugu. Lehenik, kondenak beterik, bi presori eman diegu ongietorria. Egun ederrak izan dira eta harrerak oso hunkigarriak. Beren familietara itzuli dira eta urteetako haien amesgaiztoak gelditu dira. Preso egon diren urte luze horietan iragan diren gertakari asko ezagutu ditugu, urte horietan zehar desagertu zaizkigun lagunak, batzuk itzuliko ez direnak, beste asko urte luzeetan lau pareten artean bahitu dituztenak, beste asko munduan zehar barreiatu direnak eta den-denak gogoan ditugunak, eraman duten bidea, gure txikian, gurea ere izan baita. Independentzia lortu arte.

«Euskal Herria» jardunaldiak asteburu honetan iragan dira. Berriz ere, Parisi Herri Elkargo baten sortzeko eskatzeko adostasuna lortu da. Errepublikako legediak baimentzen baitu, lan luze eta sakon baten ondotik, inoiz lortu ez zen ariketa bat bururaino eraman da. Lan oso demokratikoa, eredugarria, errepublikaren aurrean. Zintzoago ez zen jokatzen ahal!

Zaila izanen zaio Parisi errealitate hori saihestea. Gobernu, nahiz eta azpimarratu duen zalantza handiak zituela. Abertzaleekiko beldurra uxatu da, errepublikako legedia ederki erres- petatzen dugu, horrelakoetara frantses alderdiak ez ziren ohituak, denbora behar izan dute sinesteko. Benetan zela ohartu dira, fidatzen dira, elkargoan frantses alderdiak horren buru liratekeelako, oraindik zenbait urtez. Ez da haientzat ere arrisku handiko proiektua. Ez dira galtzaile aterako!

Frantziako presidenteak hizkuntz gutxituen karta izenpetuko duela berretsi du, Alain Roussetek egindako galderaren ondotik. Bestalde, legezko koadroa sortuko zuela estatuko hizkuntzendako. Lege hori sortzen badu aurrekontuak sortu beharko ditu. Erakutsi dituen datorren urteko aurrekontuen arabera, ez du ematen diru soberan ibiliko direnik, baina zergatik ez sinetsi. Sekula baino gehiago emateko prest daude. Ez da aspalditik horrelako krisialdirik ezagutu, baina eskuzabaltasun handiarekin heldu zaizkigu. Harritzekoa da, baina sinesteko prest gaude, geroak fite erranen. Gero, Kontseiluak gogoratu digu ofizialtasunak ziola soilik gutxieneko garantia ematen euskararen iraupenari. Aste honetan, irakurri dugu META.NET-etik (Multilingual Europe Technology Alliance) egin azterketan ez diotela euskarari sarean babes handirik ematen, garatzeko baliabide eskasak dituela. Ofizialtasunak eskubidea eta babesa emanen digu. Hollande ez doa hortik.

Hots, urte hondar bikaina heldu zaigula Frantzia aldetik? Erantzun batzuen zain egonen dira. Lanean jarraituko dugu bitartean, politika mundutik gauzak oso mantso ibiltzen baitira, oso makur ere batzuetan, esperantzak itotzeko gaitasun handia du politikak. «Egia bide, askatasuna amets» zioen Azpeiti- ko ekitaldiak. Hor kokatuko gara, ametsak betetzeko baitira. Gazte independentisten mugimendua berpizten ari dela ikusirik, gure amets horien alde jarraituko dugu. Nahiz eta dato- zen asteak gatz eta piperrez beteak heldu zaizkigun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo