GARA > Idatzia > Euskal Herria

Auzolan Topaketetan gure beharrak asetzeko gai bagarela ikusi dute

Auzolan ekimeneko partaideak «hagitz kontent» dira asteburuan egindako II. topaketekin. Hainbat herritako jendea bildu da Altsasun, giro ederrean, eta esperientzia erabat ezberdinak ezagutuz, ikusi dute «posible dela, herritarrok gure beharrak asetzeko gai garela».

p016_f02.jpg

GARA | ALTSASU

Bilbo, Arratia, Durangaldea, Lea-Artibai, Debabarrena, Debagoiena, Aiara, Gasteiz, Arabako Mendialdea, Goierri, Urola Kosta, Donostialdea, Nafarroa Beherea, Agoitzaldea, Erribera, Iruñerria... Toki ugaritako jendea elkartu da asteburuan Altsasuko II. Auzolan Topaketetan. Antolatzaileek erran zutenez, eurek eta parte hartu zuen jende guztia ere gustura gelditu zen bizitakoarekin, eta elkartzearen eta tokiko esperientziak konpartitzearen garrantziaz jabetu ziren.

Ekimena aurkeztu eta iaz Usurbilgo I. topaketekin hasi zirenetik egindako urtebeteko ibilbidea azaldu zuten. Eta jarraian, tokiko garapen esperientzien mahai-ingurua izan zuten, honako gonbidatuekin: Otxandioko Herri Ola, Sakanako Sakantzen, Iruñerria Auzolan, Lakabe eta Arizkuren herriak eta Usurbilgo Garapen eta Erresilientziarako herri-hitzarmen egitasmoa.

Esperientzia erabat ezberdinak azaldu zituzten hauek, kokatzen diren errealitateak ere halakoak direlako; hala ere, nabarmendu zutenez, guztiek gauza bera dute oinarrian: «Herritarren parte-hartzea eta erantzukizuna, erabaki ahalmenari lotuta eta talde-gisa antolatuta, herritik herrira aritzeko. Halaber, tokiko garapen eta burujabetzarako asmoa». Esperientzia horiek ezagutuz ikusi zuten «posible dela, herritarrok badugula ahalmena gure beharrak asetzeko, talde gisa antolatuta, elkartasunaren bidez, bizikidetzan elkar aberastuz, ondasunak eta eginbeharrak partekatuz». Parte-hartzeari dagokionez, argi ikusi dute egungo jendartean zeinen zaila den herritarrak egiazki aktibatzea, erakundeekiko menpekotasunetik atera eta eskatu beharrean ekinez egiteko. Gogoa pizteari buruz gogoeta egin zuten eta afalondoan, gogoa piztu zitzaien emankizun «zinez berezi» batekin gozatuz.

Larunbatean, arloz arlo gure beharrak zein diren eta horiek nola ase, edo asetzeko nola antolatu, aztertu zuten. Adibidez, elikadura burujabetza posible ote den galdetu eta Usurbilgo elikadura-buruaskitasunari buruzko azterketa aipatu zuten, guztion eskura dagoena. Arratsaldean, parte-hartzaile bakoitzak aukera izan zuen landu nahi zuen gaia proposatu eta taldeetan jorratzeko. Desobedientzia, txanpon askeak, hiritik herrira igarotzea... hamaika gai landu ziren, eta igande goizeko ekintza proposamenetan ideiatik ekintzara iragateko urratsak egin zituzten.

irabazi

Bizitzaren gatazka eta Euskal Herrian «eredu arrotzen inposaketa dela-eta» dugun egoera agertzearekin batera, eskuz esku arituz herriak irabaz dezakeela irudikatu zuten emankizun batean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo