Gerran fusilatu zuten Polentzi Markiegi Debako alkatea oroituko dute
GARA | DEBA
Faxistek Debako alkatea izandako Polentzi Markiegi fusilatu zutela 75 urte bete direla-eta, bere izena eta izana zabaldu eta ezagutarazteko, Debako Udalak, Zuhatza euskara elkarteak eta zenbait kolektibo eta norbanakok lantalde bat osatu dute, eta hainbat ekintza antolatu. Santoñako Barriako hondartzan, 1937ko urriaren 15ean faxistek hamalau lagun fusilatu zituzten, eta horien artean zegoen Markiegi.
Gaurtik hasi eta urriaren 15era arte (justu egun horretan fusilatu zuten) iraungo du egitarauak. Besteren artean, argazki erakusketa izanen da Agirre jauregian; Iñaki Egañak hitzaldia emanen du asteazkenean jauregi honetako Ispiluen gelan; urriaren 14an ekimen instituzionala eginen dute eskultura inauguratuz, eta 15ean ekitaldia eskulturaren aurrean.