GARA > Idatzia > Ekonomia

Aurrekontuen aurrean, erabakitzeko eskubidea defendatu du Amaiurrek

Gobernu espainolak 2013rako onartutako aurrekontuak aberraziotzat jo ditu koalizioak. Ongizate estatuaren suntsiketan sakonduz, bankuen zor pribatua zor publiko bihurtu eta murrizketa sozialen bitartez ordaindu nahi duela salatu zuten atzo Sabino Cuadrak eta Rafa Larreinak. Horregatik, «hondora doan» estatu batetik askatu eta burujabetza ekonomiko, fiskal eta soziala lortze aldera, tresna propioak garatzeko autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.

p025_f01.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Madrilgo Gobernuak 2013rako aurrekontuak Kongresuan aurkeztu eta biharamunean agertu ziren Sabino Cuadra eta Rafa Larreina Amaiurko diputatuak hedabideen aurrean. Euren helburua aurrekontu horien izaera salatzea zen. Donostian egindako agerraldian «aurrekontuek dagoen aberraziorik handienetakoa» ofizial egiten dutela adierazi zuten.

Herritarren beharrizanei erantzun beharrean, bankuen zor pribatua zor publiko bihurtzen duen prozesua egonkortzen dutela uste dute. Zentzu horretan, aurrekontuak «porrot egin duen eredu zaharkituan» sakontzen duela adierazi zuten, eta 2012ko aurrekontuei jarraipena emanez, zor hori pribatizazio eta gastu sozialean zein sektore publikoan murrizketa gehiago eginez ordaindu nahi dutela baieztatu zuten.

Larreinak nabarmendu zuenez, Euskal Herria bereziki kaltetua ikusiko da zor publikoaren ordainketaren harira. Izan ere, Estatu espainoleko gainerako eskualdeetan biztanle bakoitzeko 1.200 euro ordaintzen diren bitartean, Euskal Herrian 1.800 euro ordainduko direla azaldu zuen.

Gastu soziala alboratuta

Bada beste datu kezkagarri bat Amaiurren ustez, lehen aldiz historian, zorraren ordainketa (pentsioak salbu) aurrekontuetako partidarik handiena izango dela, alegia. Zorraren finantziazioa azken 40 urteetan lortutako garaipen sozialen zati handi bat suntsitzearen truke egitea onartezina dela adierazi zuten.

Bestalde, langabezia tasak gora egiten duela onartu arren, langabeei zuzendutako laguntzen %6,3 murriztuko dituztela salatu zuten, baita laguntza hori agortu dutenentzako 400 euroko prestazioa bertan behera uztea ere.

Beste zenbait arlotan ezarriko diren murrizketak ere aipatu zituzten. Gizarte arloko ministerioek murrizketa handienak jasango dituztela azaldu zuten. Horrela, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak %24,4ko murrizketa jasango du, Osasungintza publikoak %22,6koa, udalek %40koa eta Industriak %14,4koa. «Nork ulertu dezake industria eta hezkuntzako aurrekontuak murriztuz krisitik irten gaitezkeenik?», galdetu zuten diputatuek.

Ostera, gastu soziala murrizten den bitartean, beste zenbait partida igotzen direla azpimarratu zuten. Horrela, langile publikoen soldatak izoztu arren, goi karguenak %4,3 handitzen direla eta Errege Etxearenak %4,3 soilik jaisten direla salatu zuten.

Aurrera begira, Gobernu espainolak oraindik hasi ez duen pentsioen erreforma gauzatuko duela ohartarazi zuten, baina berau garatzeko Galiziako eta EAEko hauteskundeak egin arte itxarongo dutela uste dute.

Hortaz, Amaiurrek aurrekontuei ezezkoa emango diela jakinarazi zuten eta aurrekontu propioak garatzeko burujabetza ekonomiko, fiskal eta soziala lortze aldera, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu zuten.

birzentralizazioa

Amaiurren ustez, PPk onartutako aurrekontuek estatuaren birzentralizazioa dute helburu eta ez diote estatuan dagoen nazio aniztasunari erantzuten.

Euskal Herria

Zor publikoari erantzuteko Estatu espainoleko beste eskualdeetan biztanle bakoitzeko 1.200 euro ordaintzen diren bitartean, Euskal Herrian biztanleko 1.800 euro ordainduko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo