GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Ezkutuko osagaiak: estiloa eta klasea

Ariketa bera baino garrantzitsuagoa zen berau nola burutzen zen. Lehen, surflariak jarrera bat izan behar zuen, bere izaera irudikatuko zuen zerbait. Estiloa beraz, dena zen. Lupin «gentleman» lapurra, Schormann baroi ospetsuaren etxera sartu ostean esku hutsik irten zen. Ohartxo bat utzi zuen ordea: «Arsenio Lupin, lapur zalduna, altzariak benetakoak direnean itzuliko da».

Aurtengo WCT zirkuitua azken txanpan sartzera doa. Hossegorren egiten ari diren txapelketa egin eta gero, beste hiru proba bakarrik geratzen dira zirkuitua amaitzeko, eta lehen postuetan, azken hamarkadan munduko itzulia menderatu duten lehiakide berak aurkitzen dira.

Belaunaldi berriek haize frexkoa ekarri dute aurtengoan, erreleboa eman da eta ohiko irabazleek aurkari arriskutsuekin egin dute topo. Baina bada, esperientziaz harago, gazteek ez duten eta lehiakide beteranoek daukaten zerbait. Ezkutuko osagai erakargarria: estiloa eta klasea.

Epaileek puntuak ematerako orduan, batez ere bi gauza hartu behar dituzte kontuan, ariketa bortitza olatuaren eremu kritikoenean egin den, eta berau, arintasunarekin (flow) burutu den. Bigarren irizpide honetan estiloak eragin dezake, baina estilo txarrarekin ere egin daitezke ariketak, arin, inongo eragozpenik gabe.

80ko hamarkadan, amerikar eta australiarren arteko lehiak gerra zantzuak zituenean, bakoitzak bere estiloa zuen eta munduko gainerako herrialdeetan bataren edo bestearen alde egiten genuen. Beranduago brasildarrek indarra hartu zuten, eta hauek ere estilo bereizgarria zeukaten, baina inoiz arrakastarik izan ez duen estilo mota bat da. Egun, belaunaldi berriek duten surf egiteko moduaren oso antzekoa. Alegia, helburua, ariketa burutzea da, ez du axola nola.

Surfaren hastapenetan ordea, ariketa bera baino garrantzitsuagoa zen berau nola burutzen zen. Surflariak jarrera bat izan behar zuen, bere izaera irudikatuko zuen moduan egin behar zuen surf. Estiloa beraz, dena zen.

Lehiakide zaharrak egungo gazteek egiten dituzten ariketak egiteko gai ez izan arren, goi mailako postuetan jarraitzen badute, hain zuzen ere horregatik da, ariketak egiteko modua oso bestelakoa dutelako. «Nola egin» horrek haientzat sekulako garrantzia du. Badakite nortasun propioa izateak, besteengandik bereizteak, ikusleengan arrakasta duela, erakargarria dela, eta ondorioz estiloa lantzen dute.

Gauza bera egiteko modu desberdinak daude. Helburuak baino, bitartekoak (estiloa) ematen du «klasea». Arsenio Lupin gentleman lapurrak, soilik gaztelu eta aretoetan lapurtzen zuen eta Schormann baroi ospetsuaren etxera sartu ostean esku hutsik irten zen. Ohartxo bat utzi zuen ordea, han izan zenaren adierazgarri: «Arsenio Lupin, lapur zalduna, altzariak benetakoak diren egunean itzuliko da».

Alexander Jacob anarkista, berriz, markes baten etxean lapurtzera sartu eta jabea zorrez leporaino zela ikusita, hamar mila franko utzi zizkion egongelan, ezer lapurtu beharrean. Biek lapurtzen zuten, biek zuten estilo propioa, eta bakoitzak bere modura bi osagai berezkoak zituen: estiloa eta klasea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo