Aizkora Bigarren Mailako Euskal Herrikoa
Jon Irazuk kontrolpean izan du finaleko lehia osoa
Zizurkilgoak jantzi zuen atzo txapela, eta bigarren postuan sailkatu zen Erasunekin batera, datorren urtean Lehen Mailan aritzeko moduan izango da.
Jon LEUNDA
Jon Irazuk jantzi zuen atzo Euskal Herriko Bigarren Mailako txapela. Bera zen irabazteko faboritoa, eta ez zuen hutsik egin. Bigarren Ander Erasun sailkatu zen eta biak arituko dira datorren urtean Lehen Mailan.
Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituen. Enborrak orokorrean onak atera ziren. Saioa hasi aurretik minutu bateko isilunea egin zuten, herenegun zendu baitzen Joxemiel Peñagarikano aizkolari ohiaren aita. Berak jartzen ditu orain txapelketetako enborrak. Jendeak ere erantzun bikaina eman zuen, sekulako betekada hartu baitzuen Aizarnazabalgo plazak, 1.000 ikusle ingururekin.
Atzo Aizarnazabalera joan ziren zaleek ez dute inongo damurik izango, eta joatea erabaki ez zutenek, berriz, seguruenik bai. Aizkolariek sekulako erakustaldia eman zuten, ikaragarrizko saio polita izan zen. Lehenengotik azkenekora hiru minutu pasako tartea bakarrik egon zen, eta hori final batean oso gutxitan gertatzen da. Garbi geratu zen Bigarren Mailan gaur egun oso maila ona dagoela. Jende oso gaztea dago, etorkizun handikoak, eta atzo hori ere agerian geratu zen.
Jon Irazuk agindu zuen hasieratik bukaerara. Zizurkilgoak inoiz ez zuen izan alde handirik, baina beti tarte bat izan zuen alde, eta horri eusten jakin zuen, txapela jantzi eta mailaz igotzeko. Bere ibilbidea ikaragarria da. Orain bi urte plazaratu zen lehen aldiz, eta orduan ez zuen lortu Hirugaren Mailako finalean sartzea. Iaz ordea, Bigarren Mailara igotzea lortu zuen, eta atzo onenekin lehiatzeko txartela eskuratu zuen. Emoziorik handiena bigarren posturako izan zen. Erasunek lortu zuen hori. Bera izan zen kanporaketako bigarrena, eta atzo ere bai, nahiz eta bapo sufritu zuen. Ondoan izan zituen Larrañaga eta Zaldua. Azken honek eman zuen ezustekoa, askoren ustez bera baitzen finala irabazteko aukerarik gutxien zituen aizkolaria, baina ia maila nagusira igotzea lortu zuen atzo.
«Oso gustura nago. Irabaztea zen helburua eta lortu dut. Datorren urtean Lehen Mailan arituko naiz. Ez da izango horri eustea erraza, baina saiatuko naiz, ez izan zalantzarik», esan zuen Irazuk finala amaitutakoan. Bigarren postuan sailkatu zen Erasun ere ez zegoen haserre. «Bat aizkoran hasten denean, beti Lehen Mailara igotzeko ametsa izaten du, eta hori lortu dut. Irazuk ihes egin digu, eta bigarren postuari eustera joan naiz, eta hori lortu dut, nahiz eta Zaldua eta Larrañaga gainean izan ditudan».
Atzo Aizarnazabalen jokatu zen finalak ikaragarrizko ikusmina piztu zuen, eta sekulako jendetza batu zen norgehiagoka zuzenean ikusteko asmoarekin. Ikuskizuna ere bikaina izan zen.
Atzoko finalean oso jende gaztea zegoen. Erasun, Larrañaga eta Larretxea 22 urtez azpikoak dira. Mugertzak 25 urte dauzka, eta 30 Irazuk. Zaldua zen adin hori gainditzen zuen bakarra.