Coline Urcun-Marco, Pettan Prebende Nafartar Naturalak Kolektiboa
U14: Deskonkista kolektiboa Donapaleutik
Baxenabarreko jende eta elkarte andanak Nafartar Naturalak kolektiboa sortu, Nafarroa Bizirik ekimenarekin kontaktuan sartu eta programa burutu dugu buruil-urri hauetan, Nafarroaren Konkistaren 500. urteburua markatzeko. Gure ekimenaren funtsa testu fundazional honetan agertu dugu:
«Donapaleuko Aldarria: 1512ko uda bururatzerako, Nafarroak amore eman du espainiar Armadaren aitzinean: Erresuma konkistaturik dago. Osoki? Ez!
Donapaleura biltzen ari dira, merinalde guztietatik iheska jin patriotak, eta bertan Liberazio Armada osatzera deitu dute irail hondarrean: `Erresuma neutrala indarrez usurpatu, okupatu eta tiranizatu' dutenen kontra.
Bi aste beranduago, milaka boluntarioz osatu oldea abian da Iruñera buruz; hiriak eta eskualdeak altxatu dira, eta 1512ko urriaren erditsuan Nafarroa bere independentzia berreskuratzeko zorian da...
Egitate historiko honetan oinarri, Deskonkista Kolektiboa aldarrikatuko dugu Donapaleun, 2012ko urriaren 14an.
Iparraldetik mendebaldera, ekialdetik hegoaldera.
Zatozte Euskal Herri guztitik!
Bai eta Gaskoina eta Kataluniako lagun eta ahaide! Karrika-Kurri koloretsua, festa eta umore onenak!».
Eskualdeka ari gara ekitaldiak antolatzen. Oztibarreko Donaixtin eta Amikuzeko Garruzen aurkeztu dugu gure ekimena jadaneko: Filma, hitzaldi, oroitarri eta kontzertuz lagundurik.
Hurrengo hitzorduak: Bastida, Garazi eta Baigorrin ondoko asteetan. Azkenik, urriaren 14an Donapaleun bilduko gara.
Autobusa antolatua dute Hegoko mugatik, Tutera bipilatik, eta hemendik animatu nahi zaituztegu Lizarra, Zangoza, Tafalla, Iruñea ere, merinalde historikoetatik ber gauzaren egitera.
Bai eta mendebaldeko probintzietatik ere, konkista jasanik baikara aspaldiko denboretatik.
Lapurditik deialdia egin dute, bezperan suen piztera mendi kaskoetan, Donapaleura deituz.
Zuberoako bertsolariek batzarri eginen digute 14an berean bilduko garenoi.
Konkista ez baitzen 1512an baratu, ez eta 1620an ere; haren berri publikorik ez ukan izanak, konkistaren beraren barnatasuna eta iraunkortasuna ditu salatzen.
Historia ez dugu arraidazten ahal. Inbasio, ohontza, okupazioa, urratze eta arrozte. Monteano historialariak azaldu digu auzo-inperioen geopolitikaren bortxaz garela nafarrok teknikoki frantses edo espainiar, eta ez guhaurren borondateaz. Iragana ezin idatzi dugu, akort, baina oraina bai, eta elkarrekin dugu idatzi nahi!
Horretaz guziaz, gure buruaren Deskonkista Kolektiboan parte hartzera deia egiten dizuegu urriaren 14an Donapaleun, etxen.
Nafarroa Bizirik!