GARA > Idatzia > Mundua

Borroka Alepoko hiri zaharrera iritsi da, eta azoka historikoa ia suntsitu dute

Alepoko hiri zaharra osatzen duten kalezuloetan izan dira azken egunotan hiria kontrolatzeko borroka nagusiak. Gobernu eta matxinatuen arteko borrokaren ondorioz, azoka historikoa ia erabat suntsituta dago.
p021_f02_148x084.jpg

GARA | ALEPO

Mendeetan zehar Ekialde Ertaineko merkataritza gune nagusietarikoa izan den Alepoko azoka ia erabat erraustuta geratu da bertan gertatzen ari diren borroken ondorioz. Unescok gizateriaren ondare izendatua, ostiraletik izandako bonbardaketak eta erasoak direla-eta, ia mila denda erre dira. Egurrezko ateak eta ehun edo oihal ugari izanik, sua berehala hedatu zen.

Alepoko azokaren suntsipena Siriako gerra eragiten ari den hondamenaren isla da, eta Unescoren arabera, gizateriaren ondare diren beste hainbat tokik ere kalteak jasan dituzte, hala nola Damaskoko hiri zaharra, Palmira eta Crac des Chevaliers gotorlekuak.

Oposizioaren arabera, alde zaharrean dagoen Erdi Aroko gotorlekua Gobernuaren indarren eskuetan dago, baina matxinatuek «hiri zaharraren %90 kontrolatzen dute». Matxinatu batzuek kritikatu egin dute borroka azokara eramatera; beste batzuek, berriz, bertan borrokatu zirenen alde hitz egin dute.

Bestalde, bonbardaketa gogorrek jarraitzen dute Deraa edo Homs probintzietan. Idleben gutxienez 12 pertsona hil ziren horrelako bonbardaketetan, horien artean bost haur, oposizioaren arabera. Bestalde, Homs eta Palmira lotzen dituen errepidean 18 soldadu hil ziren matxinatuen indarrek konboi baten aurka egindako segada batean.

NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian Siriako Atzerri ministroak Walid al Mualemek, AEBei, eta Frantziari egotzi zien Sirian «terrorismo ekintzak» suspertzea «diruz, armez eta borrokalariekin». Qatar, Saudi Arabia edo Turkiari ere zuzendu zien kritika. Gainera, Irakeko inbasioa justifikatzeko egin zuen moduan, Washingtonek «arma kimikoen aitzakia» erabili duela salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo