Absoluzioa eskatu dute Hernaniko eta Urnietako gazteen abokatuek
Segiko kideak izatea egotzita Madrilen epaitu dituzten Hernaniko eta Urnietako sei gazteen abokatuek absoluzioa eskatu dute. Atzo amaitu zen epaiketa. Fiskalak seina urteko zigorra jarri nahi die, eta beste lau gazteen kontrako akusazioa bertan behera utzi zuen ostiralean.
GARA | MADRIL
Auzitegi Nazional espainolean epaitu dituzten Hernaniko eta Urnietako sei gazteen abokatuek euren absoluzioa eskatu zuten atzo, epaiketaren azken saioan. Abokatuek deklarazio poliziala baliogabea dela nabarmendu zuten, gazteek tratu txarren pean sinatu zutelako, eta gainera, gero, Baltasar Garzon epailearen aurrean ez zutelako sinaturikoa berretsi.
Angela Murillo buru duen epaimahaiaren erabakiaren zain geratu behar dute orain sei gazte horiek, eta horretarako epe zehatzik ez dute eman, epaituen ingurukoek GARAri jakinarazi diotenaren arabera.
Ostiralean, auzi berean zeuden beste lau gazteen (Antton Zabala, Txaber Zabaleta, Mikel Garcia eta Arkaitz Telleria) aurkako akusazioa bertan behera utzi zuen fiskalak. Beste seien aurka (Asier Olano, Ekhi Oñate, Iñigo Alzelai, Aitzol Arrieta, Egoitz Balerdi eta Jon Ezeiza) seina urteko kartzela zigorra eskatzen du orain, aurreko eskaria jaitsiz. Bederatzi urterainoko kartzela zigorrak zeuden fiskalaren hasierako eskaeran.
Gazte guztiei Segiko kideak izatea eta kale-borroka ekintzetan parte hartzea leporatzen diete. Epaiketan, ordea, ez dute hori frogatzeko inolako frogarik aurkeztu.
Amaitu berri den epaiketan agerian gelditu da, ordea, atxiloturiko gazteak tratu txarrak pairatu eta salatu zituztela. Baltasar Garzon epailearen aurrean agertu zirenean poliziaren egoitzetan sinaturiko guztia mehatxupean egin zutela adierazi zutela berretsi dute epaiketan.
Grabaziorik ez
Epaileak atxilotuen inkomunikazio aldia bideoz grabatzea agindu bazuen ere, poliziek ez zuten betebehar hori bete Donostiako komisariara eraman zituztenean. Madrilera iritsi arte ez zuten grabazioa hasi. Donostian kamerarik ez zela izan da poliziek epaiketan erabili duten argudioa epailearen agindua ez betetzeko, eta grabatu ez izana justifikatzen saiatzeko.
Horrez gain, epaiketan adierazi dutenez, atxilotu zituztenean gazteei begiak estaltzeko mozorroak jarri zizkieten, non zeuden ez zezaten jakin.
Madrilen egin berri den epaiketan poliziek deklaratu dutenaren arabera, mozorro horiek gazteen «intimitatea babesteko» erabili zituzten.
Atxilotu zituztenean tratu txarrak eta torturak pairatu zituztela salatu zuten Donostiako epaitegietan.
Inkomunikatuta eduki zituztenean torturatuak izan zirela salatu dute gazteek. Hori dela eta, ez dute onartzen polizien aurrean sinaturiko aitorpena, eta hala esan zioten Garzon epaileari.