GARA > Idatzia > Kultura

Joxemari Carrere Ipuin kontalaria

Greba

Gogoan dut gaztetan herrian izaten ziren grebak. Batzuetan egun pare batekoak izaten ziren. Herriko asanbladak, plaza lepo zegoelarik, erabakitzen zuen nola antolatu eta eztabaida sutsuak izan ohi ziren. Giro horretan hor ikusten genituen poteatzaile «profesionalak» trago batzuk non hartu kezkatuak. Elkarteak edo auzoren bateko taberna ohituraren betegarri izan ohi ziren. Euskal Herrian iraultza egitekotan, tabernak astebetez itxita mantenduz etorriko zela aritzen ginen txantxetan. Izan ere, greba egunetan, agian, tabernak izango dira gehien sumatzen direnak faltan. Zer iraultza lehertuko zen, ordea, astebetez ipuinik kontatuko ez balitz inon? Zer greba egin dezake kontalariak? Zer eragin izango du? Inoiz imajinatu izan dut greba eguneko manifa handi edo txiki batean, kontalariak pankarta airean: «Gaur ipuinik ez! Kontalariok ere greban!». Eta haurrak, Hamelingo Xirulariarekin bezala, gure atzetik beste pankarta batekin: «Haurrak ere kontalariekin!». Eta gurasoak: «Ipuinak greban, gu ere!». Eta aldarriak airean: «Greba orokorra, ipuinak horra horra!!!». Agian, aurrerago, edo atzerago, beste pankarta batean irakurriko da: «¡No nos contéis cuentos!». Eta guk, «Lasai, gaur bazen behinik ez!». Ahotsa lanbide duen kontalariak, ahotsa isilduz egingo du greba, ahotsa altxatuz kontalari izaten jarraitzeko. Ipuin kontaketak bizirik jarrai dezaten kontatzeari utziko dio, bestelako kontuetan aritzeko; entzulea bihurtuz besteen istorioak jasotzeko. Kontalari grebalariak, isiltasunera ez kondenatzeko, isilduko ditu bere ipuinak egun batez bederen. Besteen istorioekin bere istorioak izan daitezen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo