GARA > Idatzia > Kultura

Etxepare Institutuak antolaturiko Basque Cultural Exchange egitaraua hasi da New York hirian

Euskal kulturak berezko tokia izango du New Yorken udazken honetan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen Basque Cultural Exchange egitarauari esker. Atzo hasitako programa urriaren 13an amaituko da.

GARA | BILBO

Euskal kulturak berezko tokia izango du New Yorken udazken honetan, Etxepare Euskal Institutuak antolatu duen Basque Cultural Exchange egitarauari esker. Atzo hasitako programak urriaren 13ra arte iraungo du, eta New Yorkeko sona handiko lau gune erabiliko ditu: City University of New York (CUNY), New York University (NYU), Anthology Film Archives eta New Yorkeko Cervantes Institutua.

Lau izango dira baita ere programak jorratuko dituen gai nagusiak, Etxepare Euskal Institutuak iragarri duenez: euskal zinemagintza, Gernikako bonbardaketaren 75. urteurrena, «Gernikako ikurretik gaur egungo ikonoetara» gaiari buruzko hausnarketa, eta euskal musikaren historiaren gaineko begirada.

Zinemagintza

City University of New Yorkeko (CUNY) Graduate Center-en inauguratu zen Bernardo Atxaga Katedrarekin abiarazi zuten atzo egitaraua. Aurten «Euskal Zinemagintzaren Historia» izango du aztergai katedrak, unibertsitateak berak hala eskatuta. Hartara, Joxean Fernandez izango da aurtengo irakasle gonbidatua, Euskadiko Filmategiko zuzendaria, Historia Garaikidean eta Zinemaren Historian aditua eta Nanteseko Unibertsitateko irakasle titular dena.

Halaber, Euskadiko Filmategiaren partaidetza ezinbestekoa izan da Anthology Film Archives kultuzko filmotekan urriaren 6tik 9ra bitartean eskainiko den «Gerra Zibila Euskal Herrian» gaiaren inguruko zikloa antolatzeko.

Filmak

Euskadiko Filmotegiak udazken honetarako prestatu duen ziklotik aukeraketa bat erakutsiko da New Yorken, honako filmak eskainiz: «El árbol de Guernica» (Fernando Arrabal, 1975), «Guernica»(Robert Hessens & Alain Resnais, 1950), «La buena nueva» (Helena Taberna, 2008), «Lauaxeta» (J.A. Zorrila, 1987), «Los niños de Rusia» (Jaime Camino, 2001) eta «Vacas» (Julio Medem, 1992). Gainera, Tabernaren filma Joxean Fernandezek berak eta Iker Ganuza ekoizleak aurkeztuko dute.

Bestalde, New York University-k berak «The Bombing of Gernika. The Exhibit» erakusketa hartuko du, bonbardaketaren gaineko argibideak eta irudiak jasotzen dituena. Erakusketa urriaren 1etik abenduaren 17ra bitartean zabalik izango da.

MUSIKA

Mikel Markez eta Eñaut Elorrieta euskal musikariek urriaren 13an eskainiko dute kontzertua New Yorkeko Cervantes Institutuan, programari amaiera emateko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo