Pello ZABALA Eguraldien aditua
Udazken, udaren azken?
Eguna galtzen doa bere gauarekiko burrukan. Alegia, eguna laburtu ahala, gauaren iluna nagusitzen doa, egunez egun. Gatozen minutuen zenbaki prexixoetara: begira, gaur hamabost (datu zehatz bat hartzeagatik), irailaren 21ean, Alzheimer eguna zen gainera parean egokitua (akordatzen zarete? akordatzea eskatzea ere, Alzheimer egunean juxtu, atrebentzia ere bada, bai...), baina kontua da, udazkenean sartzeko bezperan, hortxe preseski, eguzkia goizeko seiak eta 2 minutuetan jaiki zela, eta erretiro bidean ezkutatu, arratseko 18.13 minutuetan [UTC ordutegiaren arabera]. Aber, atera kontuak: goizeko seiak eta 2 minutuetatik, arratseko seiak eta 13etara, 11 minuturen oparotasuna zuen egunak. 12 ordu eta 11 minutu egunak: 11 minuturen bentaja ateratzen zion gauari... 11 eta 11, noski, 22 minuturen aldea, bataren eta bestearen artean.
Ez dira kontu berdinak gaur, urriaren 5a dugun honetan. Urria, zeotibait deitu zuten urri ta urritze, murrizte (orain hain modan, tamalez, ipini diguten 'murrizketen' hitz dontsu bedeinkatuarekin txapa-txapa eginda utzi bagaituzte ere) gutxitzeko beherakako aldapa jaiste horrekin... kontua da, gaur, eguzkia goizeko seiak eta laurdenean (6.15) jaiki dela.
Alegia, gaur 15 egun baino 13 minutu berantago. Hori lehen datua, goizekoa. Goazen arratsera, erretiro orduetara: Gaur hamabost, goraxeago esan dugunez, 18.13an zuen erretiroa eguzkiak. Gaur, ordea, 17.50ean. 13 minutu eta 10, oker ez banago, 23 minutu dira. Arratsetik izugarrizko abiadan aurreratzen ari da gaua, eguna murrizten.
Krisian ibiliko ez gara ba? Goizetik 11 minutu eguna nagitzen, eta arratsetik 23 minutu eguzkia 'abemaritakoa' aurreratzen... ederra kontua! 15 azken egun gero eta laburrago hauetan, egunak 35 minutu galdu dituela; alegia, gauzak argitze aldera, gauak beste horrenbeste jan diola egunari.
Kontuak klaro paratzeko asmo garbietan: gaur gauak 12 ordu eta 25 minutu dituela beretzakoak, eta egunak, gajoak, 11 ordu eta 35 besterik ez. Hau da aldapa ta pendiza, egunak, larrazken bidean, harrapatu duena: gainbehera nork eta noiz gelditu ahalko du?
Horiek ditugu eguzki orduen data eta xehaxtasun xiurrak. Eta, natura? Berexi dabil oso, aurtengo uda bezainbat udazkena ere, aparteko gozoa datorrela baitirudi. Haizea da nonbait dabilena, edo auskalo non dabilkeena. Haizea falta da hemen. Uda, horrenbesteko beroak egin arren, bero lainorik ia gabe joan zaigu, ekaitzik gabe.
Entzuten badira ere, ez-dakit-non eman diren uholdeak eta kale triskantzak, eta... Geure txoko honetan ez da horrelakorik. Noren babesa dugu, bada? Ea noiz arte irauten digun...