GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hilaren 11n greba egitera eta 12an eskola nazionala eraikitzera deitu du IAk

Gobernu espainolak -Nafarroako eta Lakuako gobernuen sostenguarekin- ezartzen duen eredu inposatzailearen aurka, hilaren 11rako greba eguna deitu du IAk, eta hurrengo egunerako, jai arrotzari muzin eginez, euskal eskola nazionala eraikitzeko deia egin du.

p017_f02_199x116.jpg

GARA | DONOSTIA

Hilaren 11n nazioarteko ikasleen greba orokorra deitu du Ikasle Abertzaleak taldeak -Estatuko beste nazioetako taldeekin batera- Gobernu espainolak inposatzen duen eredua salatzeko eta herritik abiatutako irakaskuntza defendatzeko. «Nazio bakoitzeko ikasleok problematika propioak ditugu. Hala ere, espainiar Gobernutik inposatu nahi dizkiguten erreforma atzerakoiak eta murrizketa ekonomiko basatiei aurre egiteko asmoz, elkartu eta erantzun bateratu bat ematea erabaki genuen», azaldu zuten atzo Donostian egin zuten agerraldian.

Gobernu espainoleko Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wert egoera honen erantzule jotzen badute ere, Nafarroako Jose Iribas eta Lakuako Isabel Celaa sailburuek duten ardura ere salatu zuten.

«Ezin dugu ukatu azken hilabeteetan, azken urteetan ere, hezkuntza agintari espainolistek hezkuntza euren beharretara erabili dutela: Hello, British eta TIL ereduak, Hiruele legea, Ikasleon Eskubide eta Betebeharren dekretuak, Educacion para la Paz delako irakasgai zatitzailea, 2.0 proiektua, `Euskal Herria' terminoaren kontrako sorgin ehiza, murrizketa ekonomikoak, ikasgeletan ikasle kopuruaren igoera, curriculum arrotzen garatzea eta eskumenak Gobernu zentralaren esku uzteko urratsak, unibertsitate tasen igoera... Amaigabea da azken finean hezkuntzarekin egin nahi izan duten sarraskiaren zerrenda», gogoratu zuten.

Urriaren 12an, eraikitzera

Hilaren 11n greba eguna egin ondoren, urriaren 12an euskal eskola nazionala eraikitzeko deia egin dute. «Ikasleak bagoaz, bagoaz gure eskola eredua eraikitzera. Subjektu gisa aitortzen gaituen eskola, ikasleon eskubideak bermatu eta gure hitza, besteenaren antzera errespetatu eta kontuan hartuko duten ikastetxeak eraikiko ditugu. Enpresa eta merkatu kapitalisten interesetik urrun, herriarekin eta herriaren garapenerako lan egingo duten unibertsitateak errealitate egingo ditugu», esan zuten.

Hori dela-eta, urriaren 12an klasera joango dira, jaiegun inposatuari muzin eginez, eta ikasleok behar duten eredua herri eskoletan irudikatuz.

NUP

Ikasleei zuzendutako hilaren 11ko greba deialdiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Asanblada Orokorraren sostengua jaso zuen, Madrilen eta Iruñearen egitasmo murriztaileak salatu zituelarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo