GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK

Euskarari buruz hika-mikan, Gallardon eta Garitano

p007_f01_45304.jpg

GARA | DONOSTIA

Bi irekiera izan zituen PPren hauteskunde kanpainak: bata Donostian izan zen, Justizia ministro den Alberto Ruiz Gallardon protagonista zelarik; eta bestea, aldiz, Madrilen, Antonio Basagoiti lehendakarigaia bertan egon baitzen. Azken honetan, gainera, irudi bitxia utzi zuen, PPren alde ultraeskuindarreneko ordezkari den Esperanza Aguirreren eskutik agertu zelako Basagoiti.

Nueva Economia Forumek antolatutako gosari batean hartu zuen parte EAEko PPko buruak. Mariano Rajoy Gobernu presidenteak berak aurkeztu zuen hitzaldia. Baina biekin batera politika utzi berria duen Aguirre sartu zen aretora, eta txantxetan-edo Basagoitiren eskutik helduta egin zuen.

Hitzaldiak ez zuen bestelako albisterik eman. Independentismoari bozkalekuetan aurre egin behar zaiola nabarmendu zuen Basagoitik, egun hauetan izaten ari den espainolismoaren mobilizazioa eragin nahian.

Liskartsuagoa izan zen Alberto Ruiz Gallardonek Donostian izandako jarduna. Urbieta kalean dagoen PPko hauteskunde bulegoa irekitzera etorri zen Justizia arloko ministroa, eta bertatik adierazpen gogorrak egin zituen Gipuzkoako Aldundiak euskararen alde hartu berri dituen neurriak direla-eta.

Zehazki, kontratazio publikoetarako enpresei euskara erabiltzeko jarritako betebeharreko baldintza legez kanpokoa izan daitekeela esan zuen Gallardonek, Estatuko abokatuaren ustea hori dela argudiatuz.

Horri erantzuteko presazko deialdia helarazi zuen Martin Garitano ahaldun nagusiak. Gipuzkoar guztien eskubideak, «hizkuntza aldetikoak ere bai», errespetarazten ari direla nabarmendu zuen.

Gainera, astelehenean iragarri zituzten neurri berri hauek Bilduk gobernua hartu aurretik onartuta zeuden «foru lege, dekretu eta akordioak» dituztela oinarri erantsi zuen Martin Garitanok, «ez gehiago, ez eta gutxiago ere».

Ondorioz zera erantzun zion Justizia ministroari: «Gobernu espainolak arazo bat duela uste dugu, batetik ezagutza aldetik eta bestetik legearekiko errespetu aldetik. Legeak, dekretuak eta akordioak betetzen dituzten demokratikoki hautatutako erakundeei mehatxu egiten die», salatu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo