GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | «TRES-60» FILMAREN GRABAKETA

Maitasuna, beldurra eta misterioa Aieteko jauregian bilduta

Adi, ixilik, ekin!» milaka zinema aretotan ikusgai izango diren irudien lehen segundoak jasotzen ditu kamerak. «Moztu!», argiak itzali, dekorazioa txukundu, aktoreei argibideak eman eta berriro hasiko dira lanean.

p043_f01.jpg

Nagore BELASTEGI

Zinemaldia amaitu berria da, baina Donostian, zinemak ez du atsedenik hartu. Alex Ezkurdia zuzendariak abian du lan berria, eta Gipuzkoako hiriburua da agertokia. Egunotan Aieteko jauregian dabil «Tres-60» filmeko taldea zenbait eszena grabatzeko. Jauregia inguratzen duen parkean txoriak entzuten ziren goizean, pasieran zebiltzan ibiltarien pausoen zarata leunarekin nahastuta. Hondoan, jauregi inguruan ohikoak ez diren furgoneta, traste eta jendetza ageri zen. Han zeuden filmeko aktoreak eta zuzendaria, kazetarien zain. Izan ere, atzokoa, filmazioa nola egiten ari diren erakusteko eguna izan zen.

Eraikineko beheko pisuan, Maria Cristina hoteleko suite baten berregitea prestatu dute, eta bertan ari ziren filmatzen. Lana une batez alde batera utzita, kanpora atera ziren argazki batzuk egin ahal izateko. Bertan ziren, pelikulako lantalde osoarekin batera nahastuta, Alex Ezkurdia zuzendaria, kafea eta zigarroa eskuetan, aktoreek prentsakoekin hitz egiten zuten bitartean.

Geraldine Chaplinek denen arreta bereganatu zuen. Alde batetik, jaka, betaurreko eta galtzerdi berde deigarriak jantzita zituelako, eta bestetik, ezin zuelako geldirik egon. Keinuak egiten zituen etengabe kameren aurrean eta 68 urte baditu ere izaeraz guztietan gazteena dela erakutsi zuen aktoreak.

Sara Salamo gaztea dotore jantzi zen argazkietan eder agertzeko, horren beharrik ez badu ere. Ederki aritu zen alde batera eta bestera argazkilarien aurrean, baina filmeko txikiarekin jolasteko tarte bat ere atera zuen. Guillermo Estrella aktoreaz ari gara. Artean umea bada ere, “Tres-60” ez du bere lehenengo pelikula. Aurretik Javier Bardemen semea izan zen “Biutiful” filmean. Egunotan, grabaketa saio eta saio artean, ahal duen bezala dibertitzen da. Lankideek galderei erantzuten zieten bitartean, adibidez, lurrean topatutako zuhaitz-hazi batzuekin ari zen jolasean. Erdi ezkutuka kontatu zigunez, pozik dago filmazioak irauten duen zazpi aste eta erdian ez duelako eskolara joan behar, baina tutore bat jarri diote bere gelakideen aldean atzean ez gelditzeko.

Lotsatiagoa zirudien Raul Merida aktoreak, seguruenik argazkietan aurpegi ona jartzera ohitua izango den arren. Izan ere, Merida, “Los protegidos” telesailean agertu zenetik, gaztetxoen idoloetako bat da, azken urteetako «mutil guapoetako bat». Joaquim de Almeida aktore portugaldarra, ordea, lasaiago zebilen kazetarien artean. Ibilbide luzea du zineman eta horrek ere laguntzen du.

Zuzendariak adierazi zuenez, oraindik ezin dute filmaren nondik norakoen berri eman gertatzen dena sorpresa bat izateko, eta Geraldine Chaplinek egindako definizioa onartu zuen: «Ezin da etiketatu. Surfa, maitasuna, beldurra, abentura, thrillerra… denak uztartzen ditu. Urte askotan honelako zerbait ikusten dudan lehen aldia da».

Azken finean, azaldu zutenaren arabera, Meridaren pertsonaiaren inguruko istorio bat da. Aktore gaztea Guillermo izeneko 22 urteko surflari bat da. Bere lagun Danielarekin batera, argazki karrete bat topatuko du, eta hortik aurrera istorioak sekulako bira emango du. Surflariarena egiteko hiru astez eskolak hartu behar izan zituela adierazi zuen Meridak, baina azkenean taula gainean zutik jartzeko gai izan zela. Hala, Zurriolan filmatu zituzten kirol honen irudiak. Aktoreak ordezko bat du, noski. Filmean ikusi ahal izango ditugun saltoak Aritz Aranburu surflari zarauztarrak egin zituen filmerako. Lanaren zatirik handiena Donostian bertan filmatuko badute ere, Hondarribia, Orio, Zumaia, Getaria eta Lekunberri ere izan dira epe baterako zinema estudio.

Zinema, gezur eta egia

Amaitu zen denbora. Aieteko lorategiek photocall izateari utzi zioten eta grabaketa hasi zen berriro. Alegiazko Maria Cristina hoteleko gelara sartu ziren Raul Merida eta Alex Ezkurdia. Zuzendariak kamera aurrean nola aritu azaldu bitartean, Guillermo Estrellak gidoia errepasatu zuen. Atrezzoko arduradunek, koadroak jarri zituzten bertan apropos eraikitako pareta batzuetan. Koadro horiek garrantzitsuak izango al dira istorioan?

Eguerdia jota zuzendariak ixiltasuna eskatu zuen. Estrellak gidoia alde batera utzi zuen, eta Merida kamera aurrean kokatu zen. «Ekin!», bota zuen Ezkurdiak. Aktoreak gelan kamera eta mikrofonoekin utzita, han ziren gainerakoak ondoko gela batera joan ziren. Pantaila txiki batean ikustea posible zen datorren urteko udan pantaila erraldoian ikusi ahal izango duguna.

Kanpoan, ordea, zinemaren magia hausten duten elementuak zeuden zain: eguzkiaren argia sortzen zuten fokoak, argi hori lausotzeko balio zuen paper beltza leihoei pegatuta, lantaldea zuzendariak filmaketa noiz moztuko zain… finean, zinema gezur erraldoi bat da, estreinaldiarekin batera egia bihurtuko dena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo