GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Adegik hasiera eman dio hauteskunde kanpainari

Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkarteak egoera ekonomikoaren gaineko bere inkesta aurkeztu zuen atzo. Inor ez zuen harrituko elkarteko presidenteak atzeraldia areagotzen ari dela eta hazkundeak 2014 arte itxaron beharko duela esateak. Ezta Gipuzkoaren gaineko aurreikuspenak, BPGak %1,2 behera egingo duela eta langabeziak nabarmen gora, edo herrialde horretan badirela hainbat enpresa finantziaziorik ezak ito beharrean daudenak. Araban eta Bizkaian egoera ez da hobea; aitzitik, gaur egun Gipuzkoa baita aldagai ekonomikorik onenak dituen herrialdea; horregatik, esanguratsua da Gipuzkoako patronalak atzo, Euskal Herriko hiru herrialdetan hauteskunde kanpaina hastear zegoen egunean, aurkeztea bere inkesta. Esanguratsua, oso, kanpainara bete-betean sartzea herrialde horretan.

Adegik alderdien, sindikatuen eta enpresaburuen arteko itun bat eskatu zuen, hazkundearen eta enpleguaren aldekoa; hala ere, Europak ezarri eta Madrilek bere egiten dituen neurriak -bankuen eta enpresa handien aldekoak- ontzat jotzen ditu, hazkundea eta enplegua sustatzeko oztopo izan diren neurriak, hain zuzen. Egun aproposa hautatu zuen patronal gipuzkoarrak bere azterketa eta proposamenak plazaratzeko. Nolanahi ere, zenbait argibide ematea ahaztu zitzaion, hala nola enpresentzako kreditua ez «isurtzearen» erruduna nor den zehaztea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo