GARA > Idatzia > Mundua

Fronte Nazional frantsesak 40 urte bete ditu, boteretik urrun, baina indartsu

Estatu frantseseko Fronte Nazionalak 40 urte bete ditu. Agintzen dutenengan eragina izan arren, eskuin muturreko alderdiak boteretik urrun jarraitzen du, ez baitu beste taldeekin aliantzarik lortu.

p025_f03_148x100.jpg

GARA | PARIS

«Fronte Nazionalak ez du lortu bere helburuak betetzea ez baitago boterean», aitortu zuen eskuin muturreko talde politikoaren sortzaileak, Jean-Marie Le Penek, AFPrekin eginiko elkarrizketan. 84 urterekin, Fronte Nazionalaren ohorezko presidentea izaten jarraitzen du, baina iaz bere alaba Marine Le Peni eman zion boterea. «Gure egitasmoak guztiz bete ez ditugun arren, aurrerapauso handiak eman ditugu; izan ere, 40 urte hauetan, iraunkortasuna izatea lortu dugu. Frantziako politikagintzan eta nazio mailan indar politiko desberdin bat eskaintzea da Fronte Nazionalaren meritua», adierazi zuen.

60 eta 70eko hamarkadetan, eskuin muturra belauniko zegoen. Barne hausturak zirela-eta ahulduta eta Aljeriako gerra galduta, ez zuen irtenbide politikorik topatzen. Testuinguru horretan, 1972ko urriaren 5ean, eskuin muturreko hainbat pertsonak talde politiko berri bat sortzea erabaki zuten. Fronte Nazionala deitu zioten, Jean Marie Le Penen gidaritzapean. Hurrengo hamar urteetan ez zuen ia oihartzunik izan, 1983ko udal hauteskundeek bultzada handia eman zioten arte. Igoera horrek lagunduta, 2002an, Le Penek lehendakaritzarako hauteskundeen bigarren itzulian egotea lortu zuen, Jacques Chirac hautagaiaren aurkari gisa. Eta aurtengo bozen lehen itzulian, bere alabak botoen %17,9 lortu zuen, Fronte Nazionalak lortu duen markarik onena.

«30 urteren ondoren, lehentasuna eman die gizarte frantsesak dituen kezka eta arazoei. Segurtasunari eta immigrazioari dagokionean, horien gaineko hainbat legedia berriro aztertzea lortu du», plazaratu zuen Nicolas Lebourg historialariak, eskuin muturreko taldeetan adituak.

«Baina talde politiko baino, lobby lana egiten du. Sekula ez du-eta boterea lortu», gaineratu zuen. Salbuespena 1986ko legebiltzarreko hauteskundeak izan ziren. Lehen aldiz, ordezkapen sistema aldatu egin zen, zerrenda bakoitzaren ordezkapen proportzionala onartuz. Aldaketa hori dela medio, 35 eserleku lortu zituen. Ondorengo hauteskundeetan, gehiengoa duten alderdien zenbaketa sistema berriro indarrean, Legebiltzarretik kanpo gelditu zen.

«Europa mailan, ez dago ia horrelakorik. Botere guneetatik urrun badago ere, botere horrengan eragina izateko gaitasun handia du Fronte Nazionalak, aurtengo hauteskundeetan agerian gelditu zen bezala», helarazi zuen Gillen Ivaldik, Ikerketa Zientifikoko Zentro Nazionaleko zuzendariak.

Nicolas Sarkozyren diskurtsoak nolabait lagundu zion Marine Le Peni. Presidente ohiak «multikulturalismoaren porrota» nabarmendu eta Estatu frantsesean atzerritar gehiegi daudela salatu zuen eta Le Penek kanpainaren «grabitate-zentroan» kokatu zuen bere burua.

UMPk, eskuineko indar politiko nagusiak, ez du momentuz aliantzarik nahi Fronte Nazionalarekin.

Baina, Ipsos inkesta institutuko kiden den Brise Teinturier analistaren hitzetan, «gero eta zailagoa egingo zaio UMPri aliantza hori zergatik saihesten duen argudiatzea. Biek hainbat gaien gaineko diagnosi bera egiten baitute». Cepel ikasketa politiko zentroko zuzendari Alexandre Dezen aburuz, ordea, «Fronte Nazionalak uko egin beharko lizkioke gauza askori».

«Marine Le Pen inoren lurraldean dago orain. Nahiko askea den diskurtsoa du eta gizartean arreta erakartzeko gaitasuna du. Baina, boterea benetan bereganatu nahi badu, muturreko diskurtso hori leundu behar du», gaineratu zuen Ivaldik.

testuinguru egokia

Estatu frantsesaren egungo testuinguruak, langabeziaren eta pobreziaren igoerarekin, eskuin muturreko mugimenduak laguntzen ditu, tartean Fronte Nazionala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo