GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erizainen %84 estresatuta daude, osasun arloko murrizketen ondorioz lan karga handiagoa dutelako

p019_f02_089x073.jpg

GARA | BILBO

Espainiako Gobernuak osasun arloan egindako murrizketen ondorioz profesionalek beren gain hartu behar duten lan karga dela-eta, Estatu espainoleko erizainen %84 estresatuta daude eta %62k erreta ikusten dute euren burua, gaixoaren arretaren eta segurtasunaren kaltetan.

Horiek dira Satse erizainen sindikatuak egindako ikerketak -Espainiar estatuko erizaintzako profesionalengan murrizketek eragindako estresa atzemateko- utzitako ondorio nabarmenenak.

Ikerketaren datuen arabera, erizainen %84 estresatuta daude, eta %62k euren burua erreta ikusten dute. Halaber, profesional askok arazo fisikoak dituzte: %97 tentsio muskularra jasaten dute, eta %93k urduritasuna eta bizi larritasuna igartzen dute. Bestalde, %43k arazo sexualak dituzte eta %86ak loan gorabeherak ditu.

Carmen Vide, Euskadiko Satse sindikatuko lan osasunaren arduradunaren hitzetan, «egindako murrizketekin osasun sistemak oso nabarmen egin du okerrera azken hilabeteotan, eta gauzak ez badira aldatzen, egoera jasangaitza eta hondagarria izango da; ez bakarrik profesionalentzat, baita gaixoentzat ere».

Horren aurrean, EAEko Satse sindikatuak Osakidetzara bidaliko ditu ikerketaren emaitzak, «behar diren neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzaten». Sindikatuak estresaren sintomak amaitu daitezen jardunaldiak sustatuko ditu, eta estresaren aurkako prebentzio eta jokaera gida ere berrargitaratuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo