Aizkora
Iritsi da Floren Nazabalen ordua
J.L.
Iritsi da Floren Nazabalen ordua. Bera da hemendik aurrera jokatuko diren finalak irabazteko faboritoa, eta lehiaketa garrantzitsuak izango ditu hemendik aurrera. Bihar Nafarroako finala izango du, aurki Euskal Herriko Txapelketa, eta ondoren, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finala.
Etxarri-Aranatzen jokatuko da bihar 13.00etan Nafarroako finala, eta bertan Nazabal, Donato Larretxea, Rekondo, Antonio Senosiain eta Erasun lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko, beste horrenbeste 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu beharko ditu.
Floren Nazabal da irabazteko faborito nagusia. Kanporaketan ere alde nabarmena kendu zien aurkariei, eta badirudi zaila izango dela berari aurre egitea, eta txapela ere beretzat izango dela uste dute aizkorako aditu guztiek.
Donato Larretxea izan zen kanporaketako bigarrena eta, adituen ustez, Etxarrikoari aurre egin diezaiokeena ere bai, eta saiatuko da hori egiten, nahiz eta ez duen lan samurra izango.
Jon Rekondok ere maila badu, baina nerbioek pasada handia ematen diote askotan. Lasai joaten bada eta bere lana behar bezala egiten baldin badu, lan dezente emango die gainerakoei.
Antonio Senosiainek, berriz, egin du bere lana. Helburua finalean sartzea zen, eta orain lan on bat egin, eta azkeneko postutik ihes egitea izango da bere nahia eta helburu nagusia.
Ander Erasun, berriz, finaleko gazteena da. 22 urterekin final handian sartu da, eta orain lan on bat egin eta, Senosiainek bezalaxe, azkeneko postuan ez geratzea izango du helburua.
Etzi, astelehena, Zallan jokatuko da Bizkaiko Binakako Txapelketa (19.00). Atutxa I.a eta Atutxa II.a, Irazabal eta Bihurri, Larrea II.a eta Larrea III.a, Oregi eta Lekue, Garitaonaindia eta Zelai, Garcia eta Mendieta eta Txikon eta Intxausti neurtuko dira.
Bikote bakoitzak sei kana-erdiko eta bi 60 ontzako ebaki beharko ditu. Atutxatarrak dira egungo txapeldunak eta final hau irabazteko faborito nagusiak. Une honetan Aitzol Atutxak gainerakoei alde nabarmena kentzen die, eta bere aitak ere oraindik ederki egiten du aizkoran. Ez dirudi, beraz, inork menderatuko dituenik.
Bilboko Deustu auzoko pilotalekuan jokatuko da bihar 12.30ean aizkora lehiaketa bat. Bertan euskal aizkolariez gain, Segoviako bat eta Asturiasko bat ere izango dira. Irazabal, Mugertza III.a, Ruben Saralegi, Kintana, Rodriguez II.a (Segoviakoa) eta Naredo (Asturiaskoa) neurtuko dira. Denak denen aurka arituko dira, zeinek kana-erdiko bat azkarrago moztu.
Gaur Labaienen, harri-jasotzaileekin batera, Nafarroako Bigarren Mailan jarraitzeko kanporaketa jokatuko dute Jexux Etxeberriak eta Patxi Mindegiak. Bakoitzak bi kana-erdiko eta 60 ontzako bat moztu beharko ditu. Galtzen duenak maila galduko du eta Hirugarren Mailan aritu beharko du.